Nafarroako Auzitegi Nagusiak beste behin babestu du gobernuak egindako eskea: onetsi egin du etxeratze agindua beste astebetez luzatzea. Hala, neurriak datorren asteko ostegunera arte segituko du ezarrita herrialdean, orain arteko ezaugarriei eutsita: COVID-19aren intzidentzia maila oso handiko udalerriei eraginen die, larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan, usadioz herrietako festak ospatzen ziren egunetan eta horien bezperetan. Herritarrak ezin izanen dira kalean izan 01:00etik 06:00etara bitarte.
Zehazki, neurriak 88 herriri eraginen die datozen egunotan; kopurua %27 txikitu da joan den asteko datuekin konparatuta. Gainera, etxeratze agindua izanen duten 88etatik 28 pandemiarik ezean herriko festa tradizionalak ospatuko zituztelako daude zerrendan sartuak.
Auzitegiak argitaratutako dokumentuan jasoa denez, epaileek uste dute etxeratze agindua neurri «ezin egokiagoa» dela kutsatze kateak eteteko; izan ere, haien hitzetan, muga lagungarri da «beste neurri murriztaile batzuk betetzeko premia arindu den honetan» harreman sozialak eragozteko. Halaber, argudiatu dute neurriaren ezarpena «proportzionala» dela, «ez duelako mugikortasuna guztiz eragozten, eta kutsatzeak saihesteko ezinbestekoa den gutxienekoa delako».
Asteburuetako eta jaiegunetako etxeratze agindua uztailaren 24an sartu zen indarrean Nafarroan. Ordutik, neurria luzatzea nahi bada, Nafarroako Gobernuak astero eskatu behar dio horretarako baimena Auzitegi Nagusiari. Izan ere, hark du horretarako eskumena.