Nafarroak etxeratze agindua luzatzeko eskea eginen die epaileei, berriz ere

Gobernuak bihar helaraziko dio neurriari eusteko eskabidea Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezen hitzetan, muga «biziki eraginkorra» da.

Iruñeko Alde Zaharra, etxeratze agindua ezarria zen gau batean. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 9a
14:29
Entzun

Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek egin du iragarpena: beste behin, asteburuetako eta jai egunetako etxeratze agindua ezarri beharra dagoela uste du gobernuak, izurriteari kontra egiteko. Hori dela eta, neurriak beste astebetez indarrean jarrai dezala eskatu diote Nafarroako Auzitegi Nagusiari, hark baitu horretarako eskumena. Oraingoz, arauak ostegunean du iraungitze data.

Neurriak orain arteko ezaugarri berberei eustea da asmoa. Hau da, etxeratze agindua COVID-19aren intzidentzia maila oso handiko udalerrietan izanen da indarrean, larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan, usadioz herrietan festak egiten diren egunetan eta festa horien bezperetan. Ordutegiari dagokionez, aginduak 01:00etik 06:00ak arte debekatzen du kalean egotea.

Gaurko prentsaurrekoan, Remirezek nabarmendu du neurria «biziki eraginkorra» gertatzen ari dela. Gainera, gogora ekarri du datozen asteetan Nafarroako herri askotan ospatu ohi direla festak, pandemiarik izan ez denean, eta, beraz, inportantea dela kutsatzeak eteteko prebentzio neurriak ezarrita edukitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.