Paperik gabeko etorkinak Osasunbidean artatzen segituko dutela erran du Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak. Zehaztu du, ordea, jada Nafarroan erroldatutakoei baino ez diela eraginen neurri horrek. «Apirilaren 30a bitarte erroldatutako etorkinei, paperik ez badute ere, orain arte bezala bermatuko zaie osasun arreta», zehaztu du Osasun kontseilari Marta Verak. Egun horretatik aurrera erroldatzen direnekin zer gertatuko den, ordea, ez du argitu: «Aztertu beharko dugu pertsona horiei osasun arreta ahalik eta modurik egokienean bermatzeko modua, legea betez eta jende gehiago erakartzea eragotziz».
Barcinak nabarmendu du jarrera hori dela «arduratsuena», eta argi utzi du UPNk Nafarroako Gobernuan kide duen PSNk ere bat egin duela neurriarekin. «Orain ere erroldatuta egon behar dute etorkinek osasun zerbitzuetan artatu ahal izateko; hori eginen ez bagenu, jende gehiago etorriko litzateke, eta gure baliabide ekonomikoek ezin izanen liokete egoera horri aurre egin», erran du.
Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek ez du begi onez ikusi zein modu hautatu duten etorkinak artatzeko edo sistematik at uzteko. «Abuztuaz geroztik heldu direnak ez dira herritar izanen?», galdetu du. Osasun arreta ez eskaintzeak giza eskubideen kontra egiten duela nabarmendu du. «Neurria ez da batere bidezkoa», gaineratu du Ezkerrako parlamentariak.
Profesionalen protestak
Dirua aipatu du Barcinak etorkin guztiak ez artatzeko aitzakiatzat. Osasunaren esparruko profesionalek, berriz, Nafarroako Gobernuak berak egindako murrizketak salatu dituzte, murrizketa horiek ari direlako, haien ustez, osasun sistema publikoa kolokan jartzen. Nafarroako Erizainen Elkargoa argi eta garbi mintzatu da, eta salatu du jada 350 erizain gelditu dela lanposturik gabe, azken garaian egindako murrizketa horien ondorioz, zuzenean. Denera, 5.400 erizain bada Nafarroako elkargoan, eta haietako 500 inguru daude langabezian.
Erizainen sindikatu SATSE, CEMSATSE, UGT, CCOO eta CESIF karrikara atera dira, hain zuzen ere, osasunaren arloko murrizketak salatzeko. Nafarroako Ospitaleen Gunean, eta Tuterako eta Lizarrako ospitaleetan elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien eskutik osasun sistema publikoak «porrot» eginen duela salatu dute sindikatuok Nafarroan.
Carmen Casajuz bozeramailearen hitzetan, osasun zerbitzuak hiru mailatan banatzeko asmoa da kezkagarrienetakoa: «Administrazioak ordaindutako zerbitzuak egonen dira, batetik; berriz ordaindu beharko direnak, bertzetik; eta azkenik, ordainduta baino jaso ezin izanen direnak». Neurri horrek osasun sistemaren izaera publikoa errotik apurtuko luke, Casajusen ustez.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere protesta egin dute osasunaren alorreko profesionalek. Zehazki, SATSEk, CCOOk, UGTk, ESAEk eta UTESEk deituta elkarretaratzeak egin zituzten atzo Donostiako, Gasteizko eta Basurtuko (Bilbo) ospitaleen aurrean.
Bilbon, elkarretaratzean parte hartu zuten profesionalek zalantzan jarri zuten murrizketekin 7.000 milioi euro aurreztuko direnik. Mozketek lan baldintzei eta zerbitzuaren kalitateari eraginen dietela gaineratu dute. Bizkaiko SATSE sindikatuko ordezkari Inmaculada Arestik botikak berriz ordaintzeko neurria ere kritikatu du. Sindikatu horrek, hain zuzen ere, kanpaina hasiko du bihar bertan, murrizketen aurka atxikimenduak biltzeko. Hilaren 26an elkarretaratzea eginen dute Madrilen.
Nafarroak ez ditu artatuko maiatzaz geroztik erroldatu diren etorkin papergabeak
Nafarroako presidente Yolanda Barcinak esan du hori dela «jarrerarik arduratsuena», eta PSN neurriarekin ados dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu