Autogobernua

Nafarroak hainbat eskumen eskatuko dizkio Madrili

2001etik ez du inongo eskumenik jaso Nafarroak, eta Rajoyren agintaldian PPk ez zuen ordezkaririk ere izendatu Transferentzien Batzordean.

Maria Jose Beaumont Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilaria. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2018ko irailaren 27a
07:52
Entzun

Orain ikusi beharko da zein den PSOEren borondate politikoa. Legealdi amaieran, Nafarroako Gobernua ahalegina egiteko gertu dago. Maria Jose Beaumont Funtzio Publikoko kontseilariak gaur zehaztu duenez, bere departamentuak Nafarroaren eskumenen inguruko azterketa juridiko bat landu du, eta orain gobernuak lehentasunezkotzat joko dituen eskumenen inguruko azterketa ekonomikoa egiten ari dira.

Hainbat dira Nafarroak Madrili eskatu nahi dizkion eskumenak: hala nola Foruzaingoari dagokionez, zirkulazioa eta errepideetako segurtasuna lehenik, eta ingurumena, polizia ikerketa eta herritarren segurtasuna gero; halaber, espetxeetako osasun zerbitzuak; hezkuntzan, unibertsitateko bekak; eta garapen zientifiko eta teknikorako Ikerketa eta Garapena.

Hala, Beaumonten arabera, eskumenen transferentzia jorratuko duen batzordea antolatzeko eskaera egin dio jada Meritxell Batet Espainiako Gobernuaren Lurralde Antolamenduaren ministroari. Transferentzien prozesua 1985ean hasi zen, eta, oraingoz, 2001ean amaitu. Hamazazpi urteotan ez du izan inongo transferentziarik.

Azterketa juridikoaren nondik norako batzuk aurreratu ditu Beaumontek, eta ondorio nagusietako bat da eskumenen arloan, Nafarroak baduela "plus bat". "Foru Hobekuntzak aitortutako eskumenen jabe da, baina, gainera, jatorrizko eskubide historikoak ditu. Horregatik, eskumenok ez daude halabeharrez erregimen autonomikoari lotuta, eta, beraz, eskumenen arloan plus bat du", azpimarratu du Beaumontek.

EH Bilduren eskariz egin du agerraldia Beaumontek. Adolfo Araizek nabarmendu du autogobernua giltzarria dela 2015ean izandako aldaketa politikoan, eta, egungo gehiengoa baliatuz, "anbizio politiko handiagoa" erreklamatu du. "Autogobernuan sakontzeko bidea hasi behar dugu. Gehiengoa badago aurrerapauso gehiago emateko, eta Nafarroako Gobernuak gehiengo hori baliatu behar du", aipatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.