Pandemiaren bilakaera noranzko onean da gaur egun, bai transmisioan eta baita ospitaleen presioan ere; horregatik da posible neurriak arintzea». Hitz horiek erabilita argudiatu du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek herrialdeko osasun agintarien azken iragarpena. Hain zuzen, COVID-19ari kontra egiteko mugetako batzuk leuntzea erabaki dute, kultur eta kirol jardueretan eragina dutenak, zehazki. Edukierak zabaldu dituzte.
Remirezen hitzetan, malgutzeak gune itxietan zein aire zabalean ezarriko dituzte. Barnealdean eginak diren eta 2.400 lagun baino gehiago biltzeko gaitasuna duten espazioetan, gobernuak %40ean ezarri gehienezko muga. Berriz, gune irekietan eginak diren eta 5.000 pertsonatik gora har dezaketen tokietan %60koa izanen da muga.
Nafarroako Gobernuak iragarritako foru agindua ostiralean sartuko da indarrean, eta hilaren 16ra arte izanen da ezarrita, oraingoz. Halaber, egun horri so, beste baieztapen bat egin du Remirezek: orduan dute asmoa ostalaritzari eragiten dieten neurriak leuntzeko.