Nafarroak beste urrats bat egin du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainan: 16-17 urte arteko gazteek jadanik har dezakete zizta jasotzeko ordua. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gaur zabaldu du horretarako aukera, iragan den ostiralean iragarri zuenez. Emandako datuen arabera, herrialdean 14.000 pertsona inguru dira adin tarte horretan. Osasun agintariek adierazi dutenez, adin horietako herritarrak txertatzea bereziki garrantzitsua da, birusaren intzidentzia nabarmen larriagotu baita gazteen artean azken asteotan.
Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, txertoa hartzeko ordua eskatzeko urratsak Internet bidez egin beharko dira. Bi bide ireki dituzte: batetik, Osasun Karpeta Pertsonalaren bitartez egin daiteke; bestalde, webcitassalud.navarra.es webgunean ere badago aukera. Halaber, gobernuak zehaztu du telefono bidez ere galdegin daitekeela txanda, herritarraren bizitokiaren arabera.
Ordua galdegiteko aukera gaur zabaldu da, ofizialki. Hala eta guztiz ere, hainbat herritarrek asteburuan erdietsi dute zizta hartzeko ordua eskatzea; gobernuak joan den astean iragarritako data baino lehenago, beraz.