Koronabirusa

Nafarroako 51 andrek itxialdian bizitakoa batu dute ikerketa batean

Elkarrizketak egin, eta testigantzak jaso dituzte, ikerketa kualitatibo bat egiteko. Kasu bakoitza «subjektiboa» dela ohartarazi dute egileek

Isturiz, Remirez eta Ibarrola, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak ikerketa bat egin du, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin batera, itxialdiko lehen hilabeteetan lurralde horretako emakumeek zer egoera izan dituzten jasotzeko, eta bizipen horiek «memorian» iltzatuta gelditzeko. Uste dute andre horiek «konfinamenduaren apendize bat» bainoago «protagonista» izan direla, «lehen lerroan» egon direlako.

Hain zuzen, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta Eva Isturiz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak atzo egin zuten agerraldia, Bizipenak eta testigantzak. Konfinamenduaren eragina eta ondorioak Nafarroako emakumeengan ikerketa aurkezteko, eta alboan izan zuten Sara Ibarrola ikerketaren egilea ere. 51 emakumek hartu dute parte, soslai ezberdinetakoak denak, eta taldekako elkarrizketak egin dituzte, ikerketa kualitatibo bat egiteko asmoz. Saio horietan martxotik maiatzeko lehen astera arteko bizipenak jaso dituzte.

Ondorio zehatz batzuk aipatu zituen Isturizek, eta azpimarratu zuen emakume bakoitzaren egoera «subjektiboa» dela, guztiek ez dutelako aldi hori berdin bizi izan. Esaterako, haren arabera, hainbatek azaldu dute «gainkarga» sentitu dutela, hala nola ohiko lan jarduna zaintza lanekin uztartu behar izan dutelako, eta «frustrazioa eta errudun sentimendua» ere izan dituztela. Bortxa matxistaren biktima diren zenbaitek, berriz, adierazi dute «kontrolatuagoak» sentitu direla, eta baita «bakartuago» ere. 65 urtetik gorako emakumeek «beldurra» izan dutela erantsi dute.

Arreta, testigantzetan

Ibarrolak testigantzen garrantzia nabarmendu zuen: «Egun foku mediatikoak datuetan daude jarrita, baina testigantzek datu garrantzitsuak eskaintzen dituzte». Haren ustez, emakume askorentzat, elkarrizketatutakoen bizipenak «eraikitzaileak» dira, eta «genero kontzientzia» sortzen du. «Ulertzen dute konfinamenduan gertatu zaiena ez dela hau edo hura izateagatik izan, baizik eta emakume izateagatik, eta gailentzen den sistemarengatik». Uste du testigantzak garrantzitsuak direla «giza eskubideak» azpimarratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.