Nekazaritza

Nafarroako abeltzain eta nekazariek 102 milioi euro jasoko dituzte laguntza zuzenetan

Nafarroako Gobernuak aldatu egin ditu EBren Nekazaritza Politika Bateratutik 2015etik 2020ra jaso beharreko laguntzen irizpideak, eta aurreko planean baino lau milioi euro gehiago jasoko dituzte laborariek urtero.

UAGNk deituta, 2009an nekazaritzarako laguntzak eskatzeko Iruñean egindako protesta bat. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2014ko abenduaren 29a
13:25
Entzun

"Ez da gure nekazaritza politika bateratua. Guk politika hori osotasunean aukeratu ahalko bagenu, beste bat egingo genukeen, baina orain artekoa baino hobea da, eta hori da guretzat lehentasuna". Jose Javier Esparza Nafarroako Landa Garapen kontseilariak halaxe aurkeztu du 2015etik 2020ra bitartean banatuko diren laguntza zuzenen inguruko akordioa.

Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratuak datozen sei urteetan estatu kideetako laborarien artean banatu beharreko diru laguntzen ildoak zehaztu dituen. Aurreko planean bezala, Espainiari 35.705 milioi euro egokitu zitzaizkion, eta PPren gobernuak abenduaren 19an sei dekretu kaleratu zituen irizpide berriei buruz. Nafarroako Gobernuaren arabera, 2007tik 2014ra bitarteko laguntzen aldean, Nafarroako nekazari eta abeltzainek urtero lau milioi euro gehiago jasoko dituzte: 102 milioi euro urtean.

Planaren berri eman die gaur goizean Esparzak UAGN, UCAN eta EHNE nekazaritza erakundeei; gero, gobernu kontseilu osteko agerraldian iragarri ditu. Esparzak nabarmendu duenez, arreta berezia eman zaio abeltzaintza estentsiboari eta esne sektoreari, larri baitabiltza gaur egun. Laguntza berezietan urteko aurrekontua 7,4 milioi euro handituko da, 12 milioi euroraino.

2015etik aurrera, laguntzak jasotzeko lehen sektorean jardutea jarriko da exijentzia moduan. "Lurra lantzen dutenek edo abeltzaintzan aritzen direnek dirua jasotzea nahi dugu". Esparzaren arabera, EBk politika bateratu berrian "urrats bat" egin du, nahiz eta laguntzen banaketan ez den erabatekoa exijentzia hori, "bestelako interesak daudelako". "Gu exijenteak izango gara kontrolari begira, dirua iritsi behar den tokira ailega dadin", gaineratu du kontseilariak.

Beste bi berritasun aipagarri daude: batetik, 41 urtetik beherako nekazari gazteentzat laguntza berezi bat sortuko da, eta dagozkien eskubideak %25 handituko zaizkie bost urtez. Atzerako eragina izango du. Bestetik, laguntzen %30 ingurumena hobetzeko praktikei lotuta daude. "Ingurumen araudi batzuk bete beharko dira, baina ez du zertan arazo handirik izan", esan du Esparzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.