Lan baldintzak

Nafarroako adingabeen zentro batzuetan izan diren azken erasoak salatu ditu LABek

Pribatizazioak langileei eta erabiltzaileei zuzenean eragiten diela azpimarratu du sindikatuak, eta zerbitzuen publifikazioa eskatu du.

LAB sindikatuaren elkarretaratzea gaur goizean Iruñean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko ekainaren 9a
14:56
Entzun

LAB sindikatuak Nafarroako adingabeen zentro batzuetako langileek jasandako erasoak salatu ditu, Eskubide Sozialen Departamentuak Iruñean duen egoitzan egindako elkarretaratzean. Nafarroako Gobernuak adingabeen zentroak pribatizatzearen eta azpikontratatzearen ondorio direla nabarmendu du LABek. Horrek langileen zein erabiltzaileen eskubideei zuzenean eragiten diela azpimarratu du, eta horri aurre egiteko, funtsezko gizarte zerbitzuen publifikazioa eskatu du sindikatuak.

Gertakariak «larriak» izan direla salatu dute Nafarroako LABeko kideek. Hainbat eraso aipatu dituzte: bi langile eskaileretan behera bota zituztela ia, gela batean sute bat egon zela, «tresna ebakitzaileekin» adingabeen arteko liskarrak izan direla eta segurtasuneko langileen aurkako eraso bat ere izan zela. Horren ondorioz,  bi langile zauritu zituzten: batek orkatila, tibia eta peronea hautsi zituen, eta besteak arnasa hartzeko zailtasunak izan zituen. 

Sindikatuak dio ez direla eraso bakanak; are, «izozmendiaren tontorra» direla adierazi du Oihan Ataun Esku-hartze Sozialeko arduradunak. Hala ere, fokua erasoetan jarri baino, prekarizazioan eta pribatizazioan jarri behar dela azpimarratu du. Horrek erabiltzaileei eta langileei hainbat modutan eragiten diela azaldu du: «Langileek ezin diete erabiltzaileei behar duten kalitatezko arreta eman,  nahiz eta ahal duten guztia egin». Arreta falta lan baldintza «txarren» ondorio dela diote, hala nola, soldata baxuak, «hierarkia autoritarioak», aldi baterako «kontratazio ilegalak» eta  lan arrisku eta neurri zuzentzaileen prebentzio falta.

Nafarroako Gobernuari «berehalako publifikazioa» eskatu du Ataunek, eta kontrol publiko falta «oso larria» dela nabarmendu. Zerbitzu horretaz arduratzen diren enpresek gobernuari informazioa ezkutatzen diotela ere salatu du LABek, eta Nafarroako Gobernuari egoeraren aurrean neurriak hartzea exijitu dio. Nafarroako Gobernuaren iturriek BERRIAri adierazi diotenez, aurretik pribatizaturiko zerbitzuak publifikatzen ari dira, eta erasoak «ez dira ohikoak». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.