Nafarroako AHTari buruz eztabaida dezatela eskatu diete alderdiei

Lanak eteteko deia egin du AHT Gelditu! Elkarlanak, eta horren aldeko argudioak bildu ditu manifestu batean

AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren inguruko eztabaida «publiko eta ireki batera» deitu dituzte Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiak. AHT Gelditu! Elkarlanak egin du deia, eta «ekimen demokratiko hau alderdi guztiek onartuko» duten itxaropena agertu du. Urtarrilaren 18an izanen da eztabaida, Iruñeko Hizkuntza Eskolako areto nagusian.

AHTa eraikitzeko Cadreitan abiatutako lanen inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin zuen atzo Iruñean AHT Gelditu! Elkarlanak, beste hainbat eragiletako ordezkariek lagunduta, eta bertan egin zien deia alderdi politikoei, Raul Oloriz eta Irantzu Altable kideen bitartez. Haiek, era berean, hasi berriak diren lanak eteteko exijitu zuten, eta erabaki horren aldeko argudioak jasotzen dituen manifestua aurkeztu. Txosten hori eragile sozialekin, sindikatuekin, herri elkarteekin eta AHTak igaroko dituen eremuetako bizilagunekin partekatzeko asmoa du orain AHT Geldituk, «ahalik eta babes gehien lortzeko asmoz».

Proiektuaren aurkariek salatu dutenez, ez dago AHTaren errentagarritasun sozioekonomikoaren inguruan eginiko ikerketa sinesgarri eta independenterik, Mecsa enpresak 2009an eginikoak «balizko onurak baino ez dituelako kontuan hartzen». Gainera, egitasmoa «defizitarioa» izanen dela aurreikusi du, eta «nafarrek kupo bitartez» ordaindu beharko dutela ohartarazi. Era berean, jakinarazi du «zifra ofizialen arabera» AHTaren lehenbiziko urtean nafar korridorean garraio hori 670.000 bidaiarik erabiliko luketela, eta gogorarazi du halako proiektu bat errentagarria izateko beharrezkoa dela 6 eta 9 milioi bidaiari arteko kopurua.

Bestalde, ohartarazi dute proiektuak lurralde kohesioa ez duela bultzatzen, ingurumenari kaltea dakarkiola eta beste hiriburu handien «xurgatze efektuaren ondorioz» Iruñeko eremu konpetitiboaren egoera okertu dezakeela. Era berean, AHTak dakarren kostua salatu du, eta egitasmoak eskatzen duen inbertsioa oinarrizko errentarako diru saila baino zortzi aldiz handiagoa dela nabarmendu.

Azkenik, AHTak merkantziak garraiatzeko errentagarritasunari buruzko «zalantza handiak» daudela uste du AHT Gelditu! Elkarlanak, horrek «zailtasun tekniko handiak»dakartzalako. Hala, nabarmendu du Espainiako Estatu osoan ez dagoela merkantziak garraiatzen dituen abiadura handiko «linea bat bera ere».

Salgaietako trena

Anai Astiz Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza sailburuarentzat, ordea, «merkantziak garraiatzeko gaitasunak» ematen dio «benetako balioa» AHTaren egitasmoari. Haren esanetan, gainera,proiektua «abiaduran soilik oinarrituko balitz, ez luke merezi izanen era horretako inbertsiorik».

Nafarroako Parlamentuan egin zituen atzo adierazpenok Astizek, 2009an administrazioak Mecsa enpresari eskatutako AHTaren inguruko txostenaren ondorioen berri emateko eginiko agerraldian, Bilduk eskatuta.Astizek adierazi duenez, salgaiak garraiatzeko orduan «abiadura ez da garrantzitsua», baizik eta AHTak eskaintzen dituen «prestazio altuak». Alde horretatik, Nafarroako korridorea«Europako oinarrizko sarearen parte izateko» beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.