euskal herria

Nafarroako autogobernuaren aldeko agiriak ehundik gora sinadura bildu ditu

Sinatzaileen artean daude Juan Cruz Alli, Uxue Barkos, Pernando Barrena, Miguel Izu eta Manu Aierdi.

Iruñeko Sarasate pasealekuko foruen estatua hartu dute agiriaren bultzatzaileek iruditzat agirirako. LANDER F. ARROIABE, ARP
joxerra senar
2014ko irailaren 9a
07:41
Entzun

Bihar, Nafarroako Parlamentuan autogobernuari buruzko osoko bilkura berezia egingo dute. Horren atarian, politika, kazetaritza eta gizarte arloko hainbat pertsona ospetsuk Nafarroako autogobernua aldarrikatu dute agiri batean, euskaraz zein gazteleraz. Sentsibilitate politiko desberdineko pertsonak dira, eta PPk eta Auzitegi Konstituzionalak autogobernuaren aurka egindako eraso zentralistak gaitzesten dituzte.

Agiriaren bidez, salatu dute Espainiako komunikabide eta indar politiko batzuek forua pribilegiotzat jotzen dutela, "bidegabeki eta beren interesen alde". "Haiei gogorazi nahi diegu Espainiako Konstituzioak eta haren lehen xedapen gehigarriak aitortutako autogobernua elkartasun handiko sistema dela".

Lau eskaera egin dituzte: lehenik, parlamentuan onartutako foru legeen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak atzera botatzea; bigarrenik, Nafarroaren berezko lehia eta ahalmena baldintzatzen dituen Espainiako oinarrizko legeriaren "aplikaezintasuna aitortzea"; hirugarrenik, estatuaren eta Nafarroaren arteko lehia gatazkak sortzen direnean "organo independente eta parekide bat sortzea"; eta, azkenik, itun ekonomikoa berritzerakoan parlamentu talde guztiak bilduko dituen batzordea sortzea negoziazioari begira.

Agiriak oihartzun zabala izan du Twitterren, #ManifiestoForal traolaren bidez. Sinatzaileen artean honako hauek daude: Juan Cruz Alli, Manu Aierdi, Uxue Barkos, Pernando Barrena, Juan Antonio Cabrero, Fernando de la Hucha, Fatima Frutos, Rafa Aguilera, Roldan Jimeno, Izaskun Goñi, Daniel Innerarity, Eduardo Lakasta, Joseba Santamaria, Jose Luis Uriz, Bixente Serrano...

Sanchez Muniainen ezezkoa
Gobernu kontseiluaren ostean, adierazpenari buruz galdetu diote Juan Luis Sanchez Muniaini, gobernuko eledunari. "Ez gobernu honek ez UPNk ez du ezer izenpetuko Pernando Barrenaren alboan edo agintari abertzaleen alboan Nafarroako foru sistema defenditzeko. Ez dute sinesgarritasunik", esan du Sanchez Muniainek. "Ondo deritzot Barrena jaunak 'Gora Guardia Zibila' esateari. Bada, oso ondo, baina ez du sinesgarritasunik, eta, edonola ere, UPNren atzetik dago". Haren esanetan, UPNk 35 urte daramatza Nafarroako foru sistema defenditzen, "bai nazionalisten aurrean, bai zentralisten aurrean".

Pernando Barrenak Twitter bidez erantzun die haren argudioei: "Niri berdin zait Nafarroako Forua Sanchez Muniainen alboan defenditzea. Haren arazoa da Nafarroaren eta Espainiaren artean Espainia aukeratu duela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.