Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi du Konstituzio plazaren izena euskaraz ere idatzi behar dela

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Iruñeko alkate Joseba Asironi, eta gogorarazi du espazio publikoko seinaleak «ele biz» jarri behar direla.

(ID_13478326) INAUGURACIÑON PLACA EN LA PLZA DEL BALUARTE, COMO NUEV APLAZA D
Enrique Maia alkate ohia, eskuinean, Konstituzio plazaren plaka elebakarra erakusten, 2022ko urtarrilaren 24an. IRUÑEKO UDALA
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 8a
16:35
Entzun

Constitución ez da euskarazko izen bat. Ezta izen propio bat ere. Gaztelaniazko constitución hitzak badu euskarazko baliokiderik: konstituzioa. Hortaz, leku izen bati izen hori paratu nahi izanez gero, bi hizkuntzak erabili behar dira, euskara eta gaztelania. Horixe esan dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Iruñeko Udalari, hiriburuko Konstituzio plazaren izendapenaren auzian. Baita hirugarrenez esan ere. Izan ere, bi urteko lege prozedura baten ostean, auzitegi horretako Administrazio Auzietarako 2. Aretoak arrazoia eman dio Joseba Asiron alkateari, eta, bide batez, gogora ekarri du Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantzaren 8. artikuluan argi eta garbi jasota dagoena: «Eraikin, kale eta espazio publikoen izenak, oro har, ele biz idatzi behar direla, bai gaztelaniaz bai euskaraz». Are: leku izen bat euskara edo gaztelania hutsez idazteak «salbuespena» izan behar duela azpimarratu du auzitegiak.

Enrique Maia alkate ohiak (UPN) duela bi urte aldatu zion izena plazari, Espainiako Konstituzioari gorazarre egiteko. Garai hartan, ikurren borroka betean murgildua zegoen udal-gobernu taldea: Armadaren etorbidea izen zaharra berreskuratu zuen Katalina Foixkoa etorbiderako; Nafarroako bandera erraldoi bat paratu zuen Foruen plazan; eta Konstituzio izena eman zion ordura arte Baluarteko plaza zenari. Nafarroako Gizarte Zibila elkarte ultrakontserbadoreak egindako eske bati segika agindu zuten aldaketa. Maia alkatea bera arduratu zen plaka berriaren oihala kentzeaz. Plaza Constitución plaza zioen; eta haren azpian, Constitución española de 1978-1978ko Espainiako Konstituzioa.

Ordutik, auzibidean ibili da afera, helegitez helegite. EH Bilduko zinegotzi eta egungo alkate Joseba Asironek helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, Iruñeko euskararen ordenantza urratu zela-eta. Arrazoia eman zion auzitegiak; ordea, udalak errekurtsoa aurkeztu zuen administrazioarekiko auzietako auzitegi batean, eta horrek UPNren udal gobernu taldeari balio izan zion bere hasierako asmoari eusteko: hots, plazaren izena gaztelaniaz soilik idazteari. Horretarako argudioa: Constitución izen propio berri bat dela plaza baten izena den unetik beretik, eta, hortaz, ez duela euskarazko itzulpenik behar.

UPNk behin baino gehiagotan erabili du argudio hori bera. 2013an, Paseo 25 de noviembre pasealekua izena jarri zion Ermitagaña auzoko kale bati, gaztelania hutsean. Udalak argudiatu zuen 25 de noviembre «leku izen bat» zela, eta, are, ez zekiela «euskaraz beste izenik ote duen». Nafarroako Administrazio Auzitegiak ironiaz erantzun zion 2014ko abuztuaren 21eko ebazpenean: «25 de noviembre ez bada gaztelania, gaztelaniaren antz handia du. Are gehiago: ausartuko ginateke esatera ez dela Erdi Aroko toponimo bat». Orduan ere, kale izena ele biz jartzera behartu zuen Iruñeko Udala.

Oraingo ebazpenean ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du UPNren argudioa: «Egia da izen propioek ez dutela itzulpenik onartzen, eta erregistratutako izendapena erabili behar dela, izan gaztelaniaz, izan euskaraz. Hala ere, konstituzio izena hitz arrunta da, lege organiko, foru lege edo lege dekretu izenekin gertatzen denaren antzera». Are: auzitegiak ez du ontzat jo esatea kale bati izen bat paratzeak automatikoki hitz hori izen propio bihurtzen duela: «Izendapen hori izen propioa edo izen arrunta izanen da bere izaeraren arabera, baina kale bati izendapen bat emate hutsak ez du, per se, izen propio bihurtzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.