Nafarroako Gobernuaren ezezkoa ikusita, Mendigorriko gurasoek D eredua ezartzearen aldeko auzibidea zabaldu zuten uztailean. Kautelazko neurri gisa eskatu zuten 2020-2021 ikasturterako D ereduan hasi ahal izan zitezela haurrak Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, ordea, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu kautelazko neurriaren eskaera. Mendigorriko gurasoek, beraz, «euren nahiaren eta borondatearen aurka» hartu beharko dute haurrak eskolatzeko «erabakia»: herrian gelditu nahi badute, A ereduan matrikulatu beharko dituzte haurrak, eta, D ereduaren alde eginez gero, Garesera joan beharko dute. Behatokiaren ustez, «bi aukera horiek ez dituzte asetzen Mendigorriko familiek adierazitako nahiak». Bi aukerek dakartzate «ondorio kaltegarriak», Behatokiaren ustez: ingurune sozialetik «ateratzen» ditu Garesera joateak, eta Mendigorriko A ereduan ikasteak, berriz, «euskararekin kontaktua izan ahalko zuten gune bakarra» ukatzen die.
Behatokiak jakinarazi du, halere, bide judizialak aurrera jarraitzen duela, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku dagoela azken epaia. «Ezezko honek ez du Mendigorrian D eredua ezartzearen prozedura ixten. Auzia hasi besterik ez da egin, eta, ondorioz, auziaren mamiaren inguruko epairik ez da eman, oraindik ez baita epaiketa gauzatu», adierazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. Gaubekak azaldu du auzitegiak «prozedura kontuengatik» ez duela onartu kautelazko neurriak hartzea. Epaiketaren zain gelditu beharko dute haur eta gurasoek, beraz: «Mendigorriko D ereduarekin Hezkuntza Departamentuak erabakitakoa legezkoa izan zen edo ez erabakitzea Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku dago».
Gabezien erakusle
Gaubekak salatu duenez, «Nafarroako hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzkeen araudiak dituen gabezien erakusle» da Mendigorrikoa. Haren ustez, «egungo marko juridikotik haragokoa» da afera, «Nafarroako egungo araudiak ez baititu behar bezala bermatzen euskaraz ikasi eta bizi nahi duten pertsonen eskubideak». Nafarroako Gobernuak herritarren eskubideak baztertu eta interesen araberako jokaera duela gaitzetsi du Behatokiko zuzendariak: «Herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko zaintzaile izan beharko luke, baina hainbat departamentutan hartzen diren neurri eta erabakiek herritarren hizkuntz eskubideak bestelako interesen azpian jartzen dituzte». Horren «adierazle» da, Gaubekaren ustez, Hezkuntza Departamentuaren jarrera: «Euskara sustatu eta beharrezko ekitate neurriak hartu beharrean, Nafarroako euskararen biziberritzean oztopoak jartzen ari da».