Sanferminetako talde bortxaketaren auzian, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak erantzun sozial zabala izan duen urtean, zenbait ebazpen judizialekiko "errespetu falta instituzionala" salatu du Joaquin Galve Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak. Urte judizialaren hasiera ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Ekitaldian ziren Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Mari Jose Beaumont Barne kontseilaria eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria.
Auzitegi Nagusiko buruaren esanetan, zenbait erabaki judizialek "deskalifikazioak" jaso dituzte hainbat erakundetatik. "Aurreko urtean ekitaldi honetan aipatu nuen, eta aurten era kezkagarri eta nabarmenean areagotu dira, geure larruan pairatu baitugu, ez izena zikintzeko kanpaina bat bakarrik, baizik eta egiazko errespetu faltak eta bidegabekeriak, irainak, mehatxuak, deskalifikazioak eta asmo txarreko iradokizunak. Guzti hori, batez ere, identifikatzea beharrezkoa ez den epai baten ebazpenaren ondorioz".
Jose Antonio Sanchez Nafarroako fiskal nagusia ere kezkatuta agertu da, jardun judizialari zilegitasuna ukatzeko saiaketa bat egon daitekeela iritzita. "Ulertzen dira [sanferminetako talde bortxaketaren auziko] epaiari egindako kritikak, baina ez erabakia hartu dutenen kontrako eraso pertsonalak". Fiskal nagusiak "moderazioa, zuhurtzia, neurritasuna eta ardura instituzionala" eskatu ditu, Justiziaren "erabiliera politikoa" ekiditeko.