Nafarroako Gobernua prest urratsak egiteko, «helduek doan ikas dezaten euskara»

Ana Ollok iragarri du euskaltegientzako diru laguntzak handitu dituztela. Nafarroan 5.000tik gora heldu ari dira euskara ikasten

Ana Ollo lehendakariordea, Lourdes Oñederra euskaltzaina eta Jabi Arakama Euskarabideko burua, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Helduen euskalduntzea doakoa izan dadin, bide luzea du Nafarroako Gobernuak aurretik. Ana Ollo lehendakariorde eta Euskara kontseilaria, ordea, «prest» azaldu da «bide horretan aurrera egiteko». Are: esan du Nafarroako Gobernuak «konpromiso osoa» duela helduen euskalduntzeari «bultzada» emateko, diru laguntzak handituta. Nafarroako euskaltegien 2023-2024ko ikasturtearen hasierako ekitaldian egin zituen adierazpenok, atzo. Ekitaldi horretan, lehendakariordearekin batera izan ziren Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakama eta Euskaltzaindiko kide Lourdes Oñederra Olaizola. Oñederrak eman zuen ikasturte hasierako lezioa, euskarazko ahoskeraren inguruan.

Ollok, bere hitzaldian, euskaltegiek eginiko bidea eta «urtero egiten duten ahalegin handia» goraipatu zituen. «Euskaltegiek lortu dute euskara inoiz ikasi ez duten helduak —edo noizbait zerbait ikasita ere erabiltzen ez zutenak— euskarara hurbiltzea». Lehendakariordeak azaldu zuenez, 5.000 helduk baino gehiagok euskara ikasten dute Nafarroako euskaltegi eta hizkuntza eskoletan.

Nafarroako Gobernuak azken bi legealdietan helduen euskalduntzeari emaniko bultzadari buruz, Ollo lehendakariordeak azaldu du aurten 50.000 euro gehiago eman dituztela ikastaro trinkoetarako, barnetegietarako eta autoikaskuntzako ikastaroetarako. Guztira, 350.000 euro bideratu dituzte halako ikastaroak laguntzeko.

2,46 milioi euskaltegientzat

Ollok gogorarazi du Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak deialdia ireki duela, hilaren 31ra arte, helduei euskara irakasten dieten euskaltegiak eta gau eskolak diruz laguntzeko. Ikasturte honetan, 2.460.000 euroko aurrekontua du laguntza lerro horrek.

Zehazki, lau irakaskuntza modalitate finantzatuko dituzte horrela: aurrez aurreko taldeak —gutxienez 80 ordu—; udako barnetegiak eta trinkoak —gutxienez 40 ordu—; ikastaro telematikoak—gutxienez 100 ordu— eta irakaskuntza espezifikoak eta eskariari egokitutakoak —gutxienez 40 ordu ikastaro bakoitzeko—.

Laguntzak eskatzen dituzten entitate juridikoek hiru baldintza bete behar dituzte: egoitza Nafarroan izatea, euskara irakastea «berezko bitartekoekin eta programazioarekin», eta Euskarabidearen fitxategian inskribatuta egotea. Diru laguntza eskatzeko agiriak hilaren 31ra arte izanen dira eskuragai, Nafarroa.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.