Finantza publikoak

Nafarroako Gobernuak 3.897 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du

Aurtengo aurrekontu luzatuen aldean, 135 milioi euro gehiago izango ditu gastu publikorako.

joxerra senar
2015eko azaroaren 17a
07:28
Entzun

Ehun eurotik 55 euro gastu sozialetara bideratzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzak, Osasunak eta Gizarte Eskubideen departamentuak %6,2ko igoera izango dute datorren urtean, baldin eta aurtengo aurrekontu luzatuekin alderatuz gero. Kontuan eduki behar da UPNren gobernuak azken hiru urteetan 2012ko aurrekontuak luzatu dituela, eta 2015erako erabilitako gastu aurreikuspenarekin alderatuta, Osasunean %5,9, Hezkuntzan %4,9 eta Gizarte Eskubideen departamentuan %6,2 igoko da gastu publikoa.

Gaur goizean, gobernu kontseiluak 2016eko aurrekontu proiektua onartu du. Kontseilua egun bat aurreratu du, bihar Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak linfedema kentzeko ebakuntza izango duelako. Barkosek, Mikel Aranburu Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ana Ollo gobernuko eledunak proiektuaren nondik norako nagusiak azaldu dituzte. Barkosek zehaztu du gobernuaren nahia dela urtarrilerako aurrekontua onartua izatea. Atzo Geroa Baiko Koldo Martinezek aipatu zuen "atzerapen bat" egon litekeela eta otsailaren 1erako onartua izatea espero duela.

Zifra nagusiei dagokienez, 3.500 milioi euroko gastu muga izango du Nafarroako Gobernuak, irailean Aranburuk aurreratutako zifra baino 20 milioi euro gehiago. Ekonomia kontseilariak esan duenez, igoera hori zerga erreforman ezarritako azken aldaketen, hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenen eta zeharkako zergen bilketari buruzko proiekzioen ondorioz da. Aurtengo aurrekontu luzatuen aldean, 135 milioi euro gehiago izango ditu gastu publikorako.

Dena den, handia da zorraren amortizaziora bideratu beharreko diru kopurua ere. 2016an, finantza gastua 395,6 milioi eurokoa izango da. Horietatik, 104 milioi euro interesak ordaintzeko izango dira. Finantza gastu horretatik kanpo dira, gainera, itzalpeko finantza sistemaren bidez urtero ordaindu beharreko azpiegiturak. Hala, Bideko Autobidearen kanona 43 milioi eurokoa izango da 2016an, 16,5 milioi eurokoa Pirinioetako Autobidekoa, 15,3 milioi Nafarroako Ubidearen ureztatze sistemarako eta 4,4 milioi euro ubidearen lehen fasearen zabaltzeko ureztatzerako.

Gobernuak nabarmendu duenez, gastuari eusteko eskenatoki baten izanik ere, "gizarte eskubideak bermatzeko apustua" egin du. Gizarteratzeko Errentarako zein larrialdiko laguntzetara 59 milioi euro bideratuko dituzte. Pobreziaren aurkako beste neurrien artean, gizarteko larrialdirako laguntza berriak (2 milioi euro), sei milioi euroko laguntzak babestutako gizarte enplegurako, gizarte zerbitzuen lehen arretarako balibideen handitzea 13,7 milioi euroraino edo etxebizitza alokairurako laguntzen %14ko igoera 13 milioi euroraino.

Osasunean, beste hainbat atalen artean, inbertsioak %38 handituko dira Nafarroako Ospitale Guneko kirofano berrietarako, mediku taldeak berritzeko eta San Francisco Javier psikogeriatria-zentrorako. Hezkuntzan inbertsioak 7,4 milioi eurokoak izango dira Sarriguren, Buztintxuri, Erronkari, Ituren, Iturrama, Castejonen eta Larraintzako ikastetxeetan obrak egiteko.

Euskararen sustapenerako aurrekontu saila 1,5 milioi eurokoa izango da. Bertan sartzen dira euskaltegiei, udaletako euskara teknikariei eta komunikabideei laguntza deialdiak.

Udalen gastu arrunterako transferentziak KPI + %2 handituko dira (204 milioi eurora). Historikoki %1 igotzen zen urtero, baina 2011tik izoztuta egon da diru-sail hori. Udalen artean, premiazko azpiegituretara 11,5 milioi euro bideratuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.