«Hau komunitatearen ardura da, pertsona guztiena. Erronkak eskatzen duen neurrian erantzun behar da», adierazi du gaur goizean Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko osasun zuzendari nagusiak. 11:30eko azken datuen arabera, 111 kasu positibo daude Nafarroan, eta horietatik 30 ospitaleratuta daude —19 Ospitale Gunean, sei Unibertsitate Klinikan, bost Tuterako Reina Sofian—, gainerakoak euren etxeetan. «Aste zailak» datozela ohartarazi duen arren, Artundok dio osasun sistema egoerari aurre egiteko moduan dagoela. Nabarmendu du txarrenean hoberena ateratzen dela eta osasun sistemako langile guztiak egoerak eskatzen duen neurrian erantzuten ari direla.
Eguerdian prentsaurrekoa eman dute Javier Remirez presidenteordeak eta Carlos Artundok. Atzo onartutako kontingentzia plana zein ikastetxeen itxieraren zergatia azaldu du Artundok. Haren hitzetan, de facto Nafarroa oraintxe koronabirusaren hedatzea geratzeko irmo eusteko estrategia batean dago jada, eta neurriek hiru helburu dituzte. Batetik, Covid-19 gaitzaren hedatzea «ahalik eta gehiena» geratzea. Bigarrenik, «denbora irabaztea» osasun sistemak erronkari aurre egin diezaion eta gizarteak arduraz joka dezan. Azkenik, ondorio sozialak eta ekonomikoak arintzea.
Kontingentzia plana, berriz, «dinamikoa» da, eta, errealitatearen arabera, joango dira egokituz, moldatuz. Egitasmo horrek osasun sistemako ospitale pribatuei zein publikoei eragingo die. Oraintxe, etorkizuneko egoerari aurre egiteko, 190 ohe libre dituzte Iruñean, 36 Lizarran eta 78 Tuteran. Gainera, zerbitzu batzuetan, behar izanez gero ohe kopurua %50 handitzeko aukera jasotzen du planak. Gainera, osasun arloko 40 profesional kontratatu dituzte, batik bat Nafarroako Ospitale Gunean. Aurrera begira gehiago izatea espero dute. Artundok zehaztu du kasurik larrienak igorriko direla ospitaleetara eta gainerakoek etxean gaindituko dutela eritasuna, gehienek sintoma arinak dituztelako. «Kontingentzia planak baliabideak handitzeko aukera jasotzen du».
Artundoren arabera, osasun sistema zaindu beharra dago, eta gogora ekarri du dena ez dela koronabirusa. Ohi legez, iktus kasu larriak, bihotzekoak eta bestelako eritasunak zein osasun beharrak daude, eta horiei guztiei erantzun behar zaiela nabarmendu du. Larrialdien kasuan, behar den moduan funtzionatzen ari dela zehaztu du, kasu arinak ez direlako bertaratzen.
112 telefonoaren kasuan, gainezka daude, eta baliabideak bikoiztu egingo dira. Remirezek gogoratu du eritasunaren sintomak dituztenentzako telefonoa dela 112, eta koronabirusaren gaineko zalantzak argitzeko 948-20 92 09 telefonoa dagoela aipatu du. Gobernuak, gainera, https://coronavirus.navarra.es/eu/hasiera webgunea jarri du, eta bertan informazio praktikoa jaso dezake herritarrak.
Gomendioen kasuan, Artundok ardura pertsonalerako deia egin die herritarrei. Adibidez, zurrumurru eta gezurrik zabaltzen ez laguntzeko eskatu du. Adibide gisa jarri du farmazia batean larrituta zegoen herritar batek ospitaleak gainezka zeudela esaka ari zela, erabat sinetsirik zurrumurrua. Halaber, «arnas-arazo sintomak izanez gero, etxean geratu, ez kutsatzeko. Geratu normal etxean, osatu arte. Zentzuz jokatu», adierazi du Artundok. Haren ustez, gizartea ezin da erakundeen zain geratu, eta ez litzaioke dena esan behar. Supermerkatuen kasuan ere erantzukizunez jokatzeko eskatu du. «Beldurra libre da, baina egoerak eskatzen duen ardura izan behar dugu».
Aire librean jarduerarik egin daitekeen galdetuta, «sintomarik ez dutenak» kanpora atera daitezkeela iritzi dio Artundok: «Denbora ahalik eta modurik osasungarrienean eta adimentsuenean erabili beharko da».
Oraingoz, koronabirusaren probak egiteko irizpide batzuk daude ezarrita. Batetik, irizpide klinikoaren arabera, Covid-19 gaitzaren sintomak dituztenei egiten zaie; bestetik, irizpide epidemiologikoaren arabera, arrisku eremu batetik etorri edo kutsatutako pertsona batekin harreman izan duenari egiten zaio; azkenik, jatorri ezezaguneko pneumonia garatzen dutenei. Sintomarik ez dutenei PCR proba egingo ote zaion galdetuta, irmo erantzun du: «Ez, une honetan ez. Epidemiologikoki, osasun publikoaren irizpideei begira, ez da gomendagarria».
Ostalaritza elkartearen gomendioa
Tabernak ixtea gomendatzen al duen galdetuta, Remirezek erantzun du ezarritako neurriak autoerregulazio bat bultzatzeko ezarri direla eta jada nabaritu dutela jendea ez dela pertsona askoko tokietara joaten.
Dena den, Nafarroako Ostalaritza Elkarteak gomendatu die taberna eta jatetxeei negozioa ixteko martxoaren 30era arte: «Uste dugu hobe dela egoera hori kolpean geraraztea pixkanakako neurriak ezartzea baino. Bigarren bide horrek hondamendira eraman gaitzake».