Errepideak

Nafarroako Gobernuak Audenasari ordaindutakoa «legezkoa» dela ebatzi du Kontuen Ganberak

Irurtzun eta Tutera arteko AP-15 autobidean, ohiko erabiltzaileei ezarritako beherapenen ondorioz, urtero konpentsazio bat ordaintzen dio gobernuak enpresa kudeatzaileari, baina iaz, pandemiaren ondorioz, trafikoa asko jaitsi zen, eta bi aldeek berregokitu egin zuten formula  

Zuaztiko ordainlekua, AP-15 autopistan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2021eko ekainaren 21a
14:17
Entzun

Urte berezia izan zen iazkoa, eta errepide trafikoan ere nabaritu egin zen nabarmen. Adibidez, beste urteekin alderatuta, batez beste %22 jaitsi zen ibilgailuen joan-etorria Irurtzun eta Tutera arteko AP-15 autobidean, eta apirilean, zehazki, %70 jaitsi zen. Inork aurreikusi gabeko beherakada handi horrek eragina izan du Nafarroako Gobernuaren eta 2029ra bitartean autobidearen kudeaketaren arduradun Audenasaren finantza harremanetan.

Nafarroako Gobernuak partaidetza du Audenasan: zehazki, %50ekoa. 80ko hamarkadan, Espainiako estatuarekin elkar banatzen zuten, baina 2003an Madrilgo Gobernuak bere partaidetza saldu zion Sacyr eraikuntza enpresak gidatutako ENA taldeari —gaur egun, Itinere Infraestructuras SA—.

1999tik, Nafarroako Gobernuak urtero diru kopuru bat ordaintzen dio Audenasari errepidea maiz erabiltzen duten gidariei ezarritako beherapenen konpentsazio moduan. Konpentsazio hori kalkulatzeko, formula bat hitzartu dute bi aldeek. Nahiz eta iraganean, batik bat krisi urteetan, trafikoa jaitsi egin zen, orain arte inoiz ez da trafikoa hainbeste beheratu. Ondorioz, martxotik ekainera arteko hilabeteetan, formula horren arabera, Audenasari zegokion gobernuari ordaintzea.

Alta, azaroan aurkeztutako proposamenean, Audenasak planteatu zuen formularen irizpidea aldatzea eta gobernuak 6,3 milioi euro ordaintzea. Abenduan, Ogasun eta Ekonomia departamenduko Esku Hartze orokorreko proposamen horren aurka egin zuen, eta ihardetsi zuen egiazki formularen aldaketa hura ogasunarentzat kaltegarria zela, eta gobernuari 1,2 milioi euro ordaintzea zegokiola. Audenasak erabaki haren aurkako gorako helegitea aurkeztu zuen, eta otsailean Nafarroako Gobernuak berak onartu egin zuen.

93 milioi euroko gainkostua

Irizpide aldaketa hura ulertu ezinik, Navarra Sumak, EH Bilduk eta Ezkerrak txosten bana egiteko eskatu diote Nafarroako Kontuen Ganberari eta Nafarroako Kontseiluari. Lehenak jada egin du bere azterketa, eta ondorioztatu du «legezkoa» izan dela. Aitzitik, gogorarazten du Nafarroako Kontseiluak izango duela azken hitza gai horri buruz. Halaber, txostenean jasotzen denez, iazko irizpide aldaketa hori orain datozen urteetan aplikatu daiteke, eta, 2029ra bitartean, Nafarroako Gobernuari 93 milioi euroko faktura gehigarria eragin diezaioke.

Horregatik, gomendatzen du Audenasak eta Nafarroako Gobernuak bien arteko akordioa aldatu eta berriz hitzartu behar luketela. Kontuen Ganberak adierazi arren formula aldaketa egiteko prozedura legezkoa izan dela, zehaztu du hori fakturak aurkeztean egin beharko litzatekeela, eta ez «a posteriori». Kontuen Ganberaren arabera, horrek segurtasun juridiko handiagoa emango lioke.

Txibite, pozik

Txostenaren berri izan eta gutxira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak nabarmendu du kontuen ganberak ontzat jo duela Ogasun departamentuaren kudeaketa.

Ildo beretik, PSNko Ramon Alzorrizek aipatu du gobernuak «zorroztasun juridikoz» jokatu duela, «beti nafarren interesen mesedetan». Zuhurrago mintzatu da gobernuko beste bazkideetako bat, Geroa Bai. Uxue Barkosek ontzat jo du txostenaren ondorio nagusia, baina, ganberaren gomendioari jarraituz, hitzarmena aldatu egin behar dela deritzo. Ahal Duguko Ainhoa Aznarez pozik azaldu da emaitzarekin.

EH BIlduko Adolfo Araiz kritiko azaldu da, eta, haren ustez, ganberak ez dio erantzun planteatutako galdera nagusiari: gobernuak zergatik aldatu zuen irizpidez abendutik otsailera artean, eta ad hoc egindako prozedura izan ote zen. Araizen ustez, kontuen ganberak izkin egin dio korapilo hori askatzeari. Navarra Sumak nahiago du itxaron Nafarroako Kontseiluak zer esango. Alzorrizi kontra eginez, Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, Nafarroako Gobernuak auzi horretan ez du aintzat hartu nafarren interes orokorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.