Nafarroako Gobernuak Donapeako plana atzeratu du, kokapena adosteko

PSNrekin akordio bat egin nahi du UPNk; proiektua eteteko eskatu dio Lizarbek gobernuari

Donapeako Lanbide Heziketako institutua. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak atzeratu egin du Donapeako udalez gaindiko sektore planaren behin betiko onarpena, egitekoak diren Lanbide Heziketako campusaren kokapenaren inguruan ados jartzeko. Uztailaren 25ean onartu zuen gobernuak proiektuasektore plan gisara aurkeztea, eta, joan den asteartean, soilik PPren babesa eskuratu zuen parlamentuan. Orain, UPNk zehaztu du norekin hitzartu nahi duen campusaren kokapena: PSNrekin.

Gobernuak atzo iragarri zuenez, datorren astean jarriko da PSNrekin harremanetan gai horren inguruan eztabaidatzeko. Astelehenean bilera bat egitekoa zen gobernua Nafarroako Lurralde Antolaketa Batzordearekin, baina irailaren 10era atzeratu du gobernuak bilkura hori. Batzorde horren oniritzia behar du Yolanda Barcinaren gobernuak egitasmoa aurrera ateratzeko.

Planari buruz zer iritzi duen oroitarazi zion atzo PSNk UPNri. Nafarroako Parlamentuko PSNko bozeramaileorde Juan Jose Lizarberen esanetan, proiektua atzeratzea ez da nahikoa, eta gobernuari eskatu dio egitasmoa eteteko: «Udalez gaindiko eragina duen plana ez abiatzea galdegin nahi diogu gobernuari, eta dagoeneko abiatu badu, bertan behera uztea». Lizarbek positibotzat jo zuen, ordea, gobernuaren jarrera aldaketa. «Bada zerbait», adierazi zuen. Lizarberen esanetan, PSNk ez zekien gobernuak sozialistekin batzartzeko asmoa zuenik, eta gaineratu du alderdiko zuzendaritzak erabakiko duela gobernuarekin bilera egingo duten.

Iruñeko lurzoruari eragiten dio Nafarroako Gobernuaren asmoak, eta udalak ezezkoa eman zion ekimenari, uztailaren 4an eginiko osoko bilkuran. Gobernuak udalez gaindiko eragina duen sektore plan gisara tramitatu zuen orduan egitasmoa, uztailaren 25ean, argudiatuta herrialde osoarentzat «garrantzi estrategikoa» duela.

Donapean, ikerketa zentroak

Donapeako Lanbide Heziketako ikastetxeak hartzen duen lurzorua Nafarroako Unibertsitateari saldu nahi dio gobernuak, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan Lanbide Heziketako campus bat eraiki. Unibertsitate pribatuak, berriz, ikerketa zentroak ezarri nahi ditu egun Donapeako ikastetxeak hartutako orubean. Egun Osasun Eskolan irakasten diren lerroak irakastea nahi du gobernuak campus berrian, eta Donapeako Lanbide Heziketako ikastetxearentzat egoitza berri bat egitea. 28 titulazio eskainiko dituzte, eta gobernuak espero du 1.500 ikasle inguruk ikasiko dutela bertan.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 25 milioi euroko kostua izango du Etxabakoitzen campusa eraikitzeak. Proiektuari ezezkoa emanda, ordea, Iruñeko Udalak uko egin zion hiriaren parte den Etxabakoitz auzoan campus bat eraikitzeari. Baina, proiektua sektore plan bilakatuta, udalaren erabakia ahalmenik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak. Urrats hori egin izana kritikatu zuten PPk ez oposizioko beste alderdi guztiek.

Lursaila Nafarroako Unibertsitateari salduz gero Opus Deiri mesede egitea aurpegiratu diote PSNk, Bilduk, Nabaik eta Ezkerrak Barcinaren gobernuari, erakunde erlijioso horrena baita unibertsitatea. Sektore plana parlamentuan defendatu zuten asteartean Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak eta Luis ZarralukiSustapen kontseilariak. Proiektuak sortuko dituen lanpostuen alde egin zuen Zarralukik, eta hori «demagogikotzat» jo zuen Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek. Gobernuak planaren alde hartutako erabakiak politikoak eta ideologikoak direla erantsi zuen Ruizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.