ESA URTEGIA

Nafarroako Gobernuak Esako segurtasunari buruzko azterketa aginduko die "aditu independenteei"

Esako handitze lanak eteteko galdegin dio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari, adituek egoera aztertu eta lanen arriskuei buruzko txostena osatu artean. Azterketa geologikoa 2018an egitea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak.

Esako urtegia handitzearen aurkako manifestazioa, joan den maiatzean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko irailaren 6a
10:03
Entzun

Gaurko gobernu bileran hartu du erabakia Nafarroako Gobernuak. Esaren lanen jarraipenerako sortu zuen batzordeari eskatuko dio "aditu independente taldea" eratu dezala, urtegiko lanen arrisku geologikoak neurtu ditzan. Batzordeari lan horietarako gastuen aurreikuspena egin dezala ere galdegin dio, 2018ko aurrekontuetan diru sail bat bideratzeko.

Nafarroako Gobernuak urtegiaren handitzea eteteko eskatu dio beste behin Espainiako Gobernuari, aditu taldeak lanen segurtasuna eta horiek izan ditzaketen arriskuak aztertu eta emaitzen txostena amaitzen duten artean. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, "mendi hegalaren segurtasunari dagozkion zalantza handiak daude oraindik eta, [Nafarroako Gobernuak] segurtasun zibilaren arloan duen eskumenarengatik, Esako presan garatzen ari diren lanen lanak berehala etetea galdegin behar du".

Hainbat gizarte eragilek eta gobernua sostengatzen duten lau alderdiek ere lanak eteteko eskatu izan diote Espainiako Gobernuari, segurtasun bermerik ez duela iritzita. 2015eko abenduan, mendi magaleko mugimenduek kezkatuta, babes zibilerako plana egokitu zuen Nafarroako Gobernuak, eta urtegia handitzeko lanei jarraipena egiteko batzordea sortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.