'UAGN auzia'

Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko du UAGNren ustezko irregulartasunak artxibatzearen aurka

Exekutiboaren arabera, Iruñeko lehen instrukzioa epaitegiak ez du behar beste ikertu

UAGNren aurkako salaketen berri izan arren, ezer ez egitea egozten diote Esparzari. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko ekainaren 21a
15:34
Entzun

Nafarroako Gobernua ez dago konforme. Aurreko astean Iruñeko lehen instrukzio epaitegiak erabaki zuen UAGNren ustezko irregulartasunen auzia artxibatzea arduradunek ez zutelako bilatu onura pertsonalik. Dena den, erabaki horren aurka erreforma helegitea jarri du exekutiboak.

UAGN nekazaritza sindikatuak eta harekin erlazionatutako bi erakundek (Fundagro fundazioak eta AMUR landa eremuko emakumeen elkarteak) ustez kontuak faltsutu zituzten 2009 eta 2015 urte bitartean prestakuntza ikastaroetako laguntzak jaso ahal izateko. Gobernuaren arabera, ustezko irregulartasuna 2,8 milioi eurokoa izan zitekeen. Martxoan Iruñeko epaitegiak "zantzuak" bazeudela zioen, baina hiru hilabete ondoren, auzia artxibatu du. Epailearen arabera, diru jaso duten proiektuak egon badaude, baina espedienteak tramitatzerakoan irregulartasunak egon ziren. Dena den, auzia artxibatu zuen.

Nafarroako Gobernua ez dago ados irakurketa horrekin. UAGNko bizpahiru langile ohik jarri zuten salaketa eta bi aldiz, 2011 eta 2013 urteetan, jo zuten Landa Garapen departamendura. Bigarren aldi horretan, orduko kontseilari Javier Esparzak, egungo UPNko presidenteak, salaketaren berri izan zuen baina ez zuen ezer egin. Auziak Esparza zipriztindu du, baina maiatzean UPNko buruak adierazi zuen departamenduko teknikariek ez zutela ezer ilegalik atzeman.

Gerora Guardia Zibilak hartu zuen auzia eta 26 espedienteetan irregulartasunak egon zitezkeela ondorioztatu zuen.

"Ez da nahikoa ikertu"

Berez, epaitegiak bederatzi espediente baino ez ditu ikertu, eta egungo gobernuak uste du ez dela nahikoa auzia artxibatzeko. Era berean, Gobernuak uste du Zigor Kodeko 308 artikuluan aipatutako delitua egotzi daitekeela UAGNko kide batzuri. Gobernuaren arabera, "deigarria da UAGNko presidenteak epailearen aurrean adieraztea Jesus Rekalde sindikatutik kanporatu zutela atzemandako irregulartasunen arduraduna zelako". UAGNko buruzagitzaren adierazpen hori eta gero, Gobernuari bitxia egiten zaio auzia artxibatu nahi izatea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.