Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak hirukoiztu egingo ditu PCR probak

Maria Txibitek gaur parlamentuan aurreratu duenez, egunean 400-500 proba egiten ziren orain arte, baina 1.400 egiten hasiko dira aurki, laborategi pribatuen ahalmena gehituta

Maria Txibite, gaur, foru erregimeneko batzordean. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko apirilaren 17a
15:40
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean, egoeraren inguruko azken diagnostikoa egin du gaur goizean Maria Txibite gobernuko lehendakariak. Asteon, Espainiako Osasun Ministerioak agindua eman du laborategi pribatuek eta mistoek PCR probak egin ditzaten, eta Nafarroako Gobernuek horretarako baimena eman die CIMA ikerketa zentroari, Nasertic enpresa publikoari eta Navarrabiomed zentro mistoari —NUPen eta gobernuaren arteko zentroari—. Baimen horiek Carlos III osasun institutuaren oniritzia behar dute, eta, halaber, gobernuak «prezioa» arautu behar du; baina horren zain, aurki Nafarroak PCR probak egiteko aukera hirukoiztuko duela nabarmendu du Txibitek.

Egun, Nafarroako Ospitale Guneko mikrobiologia laborategiak eta Nafarroako Unibertsitate Klinikao laborategiak egunean 400-500 PCR proba egiten dituzte. Pandemia hasi zenetik 13.800 PCR egin dira (12.500 ospitale guneak eta 1.300 klinikak). Txibitek adierazi du egunean 1.400 proba egiteko ahalmena izango dela hiru laborategiak gehituta, eta horri gainetu behar zaizkiola Osasun Ministerioak igorritako test azkarrak. Ondorioz, aurrera begirako estrategiari begira, «PCRak izango dira ardatz», eta test azkar serologikoak haien osagarri.

Txibiterekin batera, Santos Indurain Osasun kontseilariak aipatu du antigorputzak detektatzeko test azkarren gaia «konplexua» dela: hasieran, larrialdietan, sintomak zituztenei egiten zitzaien, eta, negatibo emanez gero, PCRak egiten zitzaizkie, kutsatu eta lehen hamar egunetan test azkarren fidagarritasuna %60 delako. Orain, zahar etxeetan ere egin dizkiete sintomarik ez duten egoiliarrei eta langileei: 1.059 proba egin dira, eta %5ek positibo eman dute. «Horrek erraztu egiten du diagnostikoan aurrera egitea», nabarmendu du Indurainek, adieraziz test horiek positiboak detektatzeko balio dutela.

Konfinamendua arintzeko faseari begira, taldeek bide horretan sakontzeko eskatu diote, baina zalantza batzuk agertu dituzte, orain arte kontrakoa esan delako. EH Bilduko Bakartxo Ruizek nabarmendu du test azkarrak asintomatikoen kasuan ez direla erabateko bermea, eta aurrera begira berme handiagoa izateko PCRen gaitasuna handitzeko aukeraz hitz egi dio. Neurri berean, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak aurrera begirako estrategian Txibiteri eskatu dio bide propioan sakontzeko, Madrilen zain geratu gabe. Barkosen ustez, «premiazkoa» da detekzio sistemak indartzea, konfinamendu arinagoa lortzeko eta aurrera begirako osasun neurriei begira.

Martxoaren 27tik, Gizarte Eskubideen Departamentuak zahar etxeetan hildakoen kopuruak eman ditu, baina, asteon, gobernuak ospitaleetako datuekin bateratu ditu. Ondorioz, atzo nabarmen handitu zen hildako kopurua. Uneotan, 348 hildako zenbatu dira, COVID-19 eritasunaren ondorioz: 265 ospitaleetan eta 83 handik kanpo, gehienak zahar etxeetan.

Navarra Sumako Javier Esparzak «gezurra» esatea leporatu dio gobernuari, eta tonu gogorrean mintzatu da datu horien inguruan. Elizondoko zahar etxea jarri du adibide gisa. Nafarroako zahar etxeen artean, Nafarroan egoiliar guztiei testa egin dien lehen zahar etxea izan da, eta 148tik 76k positibo eman zuten —horietatik 44k ez dute sintomarik—, eta 85 langileetatik hamairuk positibo eman dute. Hala ere, Baztango osasun zentroan 39 positibo baino ez ziren ageri atzoko datuetan. «Ez duzue argitu zergatik. Hain zaila da barkamena eskatzea? Hain zaila da esatea gaizki egin duzuela?», galdetu du. PSNko Ramon Alzorrizek erantzun dio hori «gezurra» dela.

Uxue Barkosek, berriz, desfase hori «zorroztasunez eta fin» azaltzeko eskatu dio gobernuari, «bataila dialektikoari begira doluaren bandera etekin politikorako baliatu ez dadin».

Plan ekonomikoa lantzen
Txibitek aurreratu duenez, aldi baterako 6.637 espediente aurkeztu dira orain arte, eta 41.490 langileri eragin diete. Orain arte, konfinamenduak ekonomian eragin dituen kalteak saiheste aldera, 100 milioi euroko funts berezi bat ezarri du, eta enpresen likidezia ziurtatzeko abalak ahalbidetu dira. Txibiteren arabera, 589 eskaera jaso dituzte jada, eta 142 eskera bideratu dira. Horrez gain, autonomoei lehen seihilekoan errenta zerga ez ordaintzeko aukera eman zaie, eta laguntza bereziak onartu dira asteon —2.200 eurokoa jarduera eten dutenentzat eta 700-800 eurokoa fakturazioa %30 baino gehiago murriztu zaienentzat—. Laguntzek 25 milioi euroko kostua izango dute.

Aurrera begira, berreraikuntzarako plan ekonomikoa lantzen ari da Nafarroako Gobernua, Txibiteren arabera, eta egoerari aurre egiteko enplegu plan berezi bat jasoko du. Ez du gehiago zehaztu, eta aurreratu du edukiaren nondik norakoak dituztenean horren berri emango dutela.

Asteon Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi bezala, Txibitek azaldu du bigarren hiruhilekoan ekonomiak %9 atzera egitea espero dutela eta urte osoan BGPak %4 inguru egingo duela behera. Barkosek gogoratu dio ezinbestean 2020ko aurrekontuak berrikusi egin beharko direla, eta horren inguruan jada eztabaidatzen hasteko eskatu dio, «adostasunak lortzen saiatzeko asmoz».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.