Nafarroako Gobernuak «zorrotz» jokatuko du parlamentuaren kontrako ekintzen harira

Legebiltzarraren kontrako «ekintzak aztertzen» ari dira, eta «juridikoki nola jokatuko duten hausnartzen». Zenbait iruditan ikusi daiteke UPNko alkate batek ekintzetan parte hartu zuela.

Nafarroako nekazarien protesta, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako nekazarien protesta, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 8a
15:40
Entzun

«Elkarrizketa bideak irekita daude, Europa da gure esparrua, ez Nafarroa bakarrik. Horregatik, onartezina da zirkulazioa geldiaraztea, instituzio publikoei eraso egitea, kargu politikoak ez errespetatzea eta herritarrei funtzionatzen ez uztea». Adierazpen irmoak egin ditu Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak, atzo Nafarroako Parlamentuan gertatutakoaren harira. Osoko bilkuraren egunean, laborari talde bat eraikinera sartzen saiatu zen, baina Foruzaingoak galarazi egin zien. Lopezek erran du mobilizaziorako eskubidea errespetatzen dutela, baina atzokoaren harira «zorrotz» jokatuko dutela. 

Ekintza horiek «gaitzetsi» egiten dituztela argitu du, eta legea guztiendako «berdina» dela gogoratu. Hala, azpimarratu du «intentsitate handiz» ari direla lanean, «irudiak biltzen, ekintzak aztertzen, legez kontrako ekintza horien egokitasun juridikoari erreparatzen eta nola jokatu aztertzen». Kontseilariak ez du azterketa horien inguruko xehetasun handirik eman, baina zabaldu diren hainbat irudik erakusten dute UPNko Maximo Lopez Caro, Elizagorriko alkatea, parlamentuan sartu zirenen artean zela. 

Horri buruz galdetuta, kontseilariak adierazi du «ekintzak aztertzen» ari direla, eta «juridikoki nola jokatuko duten hausnartzen». Hala ere, nabarmendu du legez kontrako gertaerei dagokienez egoera aldatu egiten dela tartean direnetako bat kargudun publikoa bada, «etikagatik, moralagatik eta ardura politikoagatik». 

Jarraitu du erranez beharko balitz diligentziak irekiko dituztela, edo zehapen espedienteak. Lopezek argitu du hori dela modua herritar guztiek «legea, zerbitzu publikoen funtzionamendu librea eta pertsonen zirkulazio askea errespetatzeko». «Herritar guztiek dakite aldarrikapen batzuk daudela, errespetatzen dira, nola ez, baina atzokoen gisako ekintzak ezin dira onartu», borobildu du. 

Ekintza anitz

Lopezek ez du zehaztu zenbat lagun identifikatu dituzten egunotako ekintzetan. Izan ere, atzokoak ez dira laborarien protestekin lotutako ekintza bakarrak, «behin eta berriz» izan dira. Joan den astelehenean bertan, erraterako, Maria Txibite Nafarroako presidenteak salatu zuen irain matxistak egin zizkiotela. «Puta» deitu zioten, Erriberrin, nekazarien protestan. 

Txibitek azaldu zuen nekazarien mobilizazioak ulertzen dituela, baina ez duela inolako irain matxistarik onartuko: «Nik errespetu handia diot ordezkatzen dudan erakundeari, eta, ondorioz, errespetu handia diet emakumeei eta neure buruari. Irain matxista horiek ez dira zigorrik gabe geratuko, are gutxiago Martxoaren 8ko aste honetan. Emakumeok egunero jasaten dugun indarkeriaren adierazle dira».

Horrez gain, gaurko ere protestak antolatuak dituzte UAGN eta UCAN sindikatuek. Horri lotutako adierazpenak ere egin ditu Lopezek: «Ezin da baimendu bide bateko zirkulazioa etetea, ez dago inolako baimenik zentzu horretan».

Zergak

Atzoko ekintzaren iturburua osoko bilkuraren hasieran aurkeztutako zuzenketetako batean dago. Zehazki, UPNk proposatu zuen Nafarroako nekazariek ordaintzen dituzten zergak Arabakoek ordaintzen dituztenetara hurbiltzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak atzera bota zuten proposamena, argudiatuta aurrekontuen lege proiektua aldatu beharko zutela. 

Hori jakin bezain laster saiatu ziren Otsailaren 6a plataformako kideak eraikinera sartzen. Foruzainek galarazi egin zieten, baina. Hala ere, manifestariak inguru hartan gelditu ziren, eta, saioa amaitu zenean, irain egin zieten autoz atera ziren parlamentariei eta Txibiteri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.