Nafarroako hainbat alderdi eta sindikatuk bat egin dute presoen aldeko agiriarekin

Alderdien artean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bat egin dute; sindikatuen artean, berriz, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, Solidari eta EHNEk,

Iruñeko espetxe aurrean egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko maiatzaren 19a
14:37
Entzun

Konfinamendua ezartzearekin batera, espetxeak itxi egin ziren eta bisitak debekatu. Neurriak leuntze aldera, Sarek, Etxeratek, Salhaketak eta Altsasuko Gurasoek agiri bat plazaratu zuten iragan hilean, eta babes zabala jaso du Nafarroako eragileen artean. Parlamentuko lau taldek izenpetu dute (Geroa Bai, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak), eta sindikatu nagusiek bat egin dute (hala nola CCOO, UGT, ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT, CGT eta EHNEk); horrez gainera, 21 gizarte elkartek ere babesa adierazi diote.

Pandemia egoeran, talde ahulen barruan diren presoak aske uzteko eta euren eskubideak urra ez daitezela eskatzeko, gaur lau elkarretaratze egin dituzte Sarek, Etxeratek, Salhaketak eta Altsasuko Gurasoek. Horietako hiru Iruñeko erdigunean egin dituzte; Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean, Nafarroako Gobernuaren jauregian eta Parlamentuaren egoitza aurrean. Azken elkarretaratzea Iruñeko espetxe aurrean izan da, eta bertan adierazpenak egin dituzte elkarteetako ordezkariek.

Hain zuzen ere, konfinamendua leuntzeko prozesuaren barruan, aurreikusita dago kartzela barruan jarduerak hasi egingo direla berriro, baina Iruñeko kartzelaren kasuan ez da halakorik gertatu, aditzera eman dutenez; «elkarte batek ere ez du barrura sartzeko baimenik», salatu dute. Lau elkarteen arabera, kalean jarduerei berrekiteko aukera badago, espetxeetan ere lana eta zeregin sozialak egiteko aukera egon behar luke, «behar diren osasun neurriak hartuta».

Euren eskarietako bat da osasun baldintza bereziak eta pandemiaren aurrean kalteberak izan daitezkeen presoak etxeratzea; hala nola 65 urtetik gorakoak, gaixotasun larria dutenak, haurdun direnak edo euren kargu seme-alabak dituztenak. «Eskatzen dugu,halaber, zigor laburra izan edo alarma egoera ezarri aurretik baimenak zituztenak, baita zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak ere aske uzteko».

Konfinamenduan bisitak debekatuak bazeuden ere, komunikazioa berrezarri egin dela aipatu dute. Dena den, komunikazioak eta irteera «baldintzatuta» daude. Probintzia barruan soilik mugi daitekeenez, Nafarroatik kanpoko espetxean diren presoek «praktikan ez dute bisitarik hartuko, ez eta baimenik jasotzeko aukerarik izango ere». Gogorazi dutenez, legeak dio presoek errotuta diren bizitokitik gertu bete beharko luketela kondena, eta, ondorioz,salatu dute Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak ez duela legea betetzen. Beharrezkotzat jo dute lege urraketa hori gainditzea eta idazkaritza nagusiak etxetik gertu diren espetxeetara igortzea presoak.

«Beste behin esan behar dugu borondate politikoa dela kontua, eta garai hauetan, inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren esanetara egon behar duela», adierazi dute.

Elkarretaratzea amaituta, Patxi Ruiz presoaren egoera dela-eta, nabarmendu dute «kezka handiz» bizi dutela, eta «salbuespenezko espetxe politikaren ondorio» dela deritzote. Egungo espetxe politika «mendekuan oinarritua» dagoela eta hura amaitu egin behar dela nabarmendu dute.

Eskaerarekin eta agiriarekin bat egiten duten gizarte elkarteen artean honako hauek daude: SOS Arrazakeria, Ahaztuak 1936-1977, Bideko Mitxingorria, Copel, Pobreziaren eta Bazterketa sozialaren aurkako sarea, Kakitzat, Mugak Zabalduz, Medicos del Mundo, Espetxeetako pastorala, peñen federazioa, Eguzki, Nafarroako Ijitoen idazkaritza... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.