Nafarroako hezkuntza publikoa kalera aterako da berriz, hilaren 24an

Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Adostasun sindikal ia erabatekoa erdietsi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, bere kudeaketaren aurka. LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek kontseilaria kargutik kentzea galdegin diote Nafarroako Gobernuari, eta manifestazioa eginen dute maiatzaren 24an, hauteskunde kanpaina betean, Hezkuntza Departamentuak negoziazio bide oro «blokeatu» duela argudiatuta.

Sindikatuok salatu dute gobernuko arduradunek «uko» egin diotela haiekin batzartzeari: «Dirudienez, ez Maria Txibite lehendakariak ez Carlos Gimeno kontseilariak ez zuten beren agendetan tarterik topatu hilabete osoan gurekin elkartzeko, eta euren ordez, bi zuzendari nagusi bidali zituzten maiatzaren 3ko bilerara».

Bilera horretan, gainera, gobernuak «argi eta garbi» adierazi zien ez zutela «sindikatuen aldarrikapenak aztertzeko asmorik», argudiatuta negoziazio sindikalerako organoak «beste batzuk» direla. Sindikatuen aburuz, baina, gobernuak gezurra esan zien: «Gezurra da esatea hobekuntza horiek ezin direla negoziatu Nafarroako Parlamentua desegin ostean eta Nafarroako Gobernua jardunean den bitartean». Adibidetzat jarri dute gobernuak «beste alor batzuetako eragileekin» negoziatutakoa. Gezurretan aritzea egotzi diote Gimenori ere, ikasgeletako ratioak «sindikatuek eskatzen dutenaren azpitik» daudela adierazteagatik: «Ezin dira herrialde osoko batez besteko ratioak erabili hiriguneetako ikastetxe askotako masifikazioa ezkutatzeko».

Hala, LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek gaitzetsi egin dute kontseilariaren jokabidea: «Bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek ezin du hezkuntzako buru izan irakasleen ordezkariekin negoziatzeari uko egiten dion pertsona bat». Hori dela eta, manifestaziorako deia egin dute: heldu den maiatzaren 24an izanen da, Iruñean. Bertan, gobernuari galdeginen diote «ratioak murriztea, lantaldeak egonkortzea, lan gainkarga arintzea eta langileek galdutako erosahalmena itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.