Nafarroako «hizkuntza exodoa» salatu du Sortzen Ikasbatuazek

Hogei kilometroko bidaia egiten dute, batez beste, 1.400 ume eta gazte inguruk egunero, euskaraz ikasteko

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Hizkuntza exodoa» errealitate bat dela. Horixe salatu du Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz elkarteak. Erantzule argia du, gainera, egoera horrek, elkarte horretako Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriaren hitzetan: «Euskararen Legea». Nafarroa hiru eremutan zatitzen duen lege horren ondorioz, herrialde horretako haur eta gazte guztiek ez dute sare publikoan euskaraz ikasteko aukera. Beren herrietatik mugitu behar izaten dute, euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen bertze herriren batera. «1.400 haur eta gaztek hogei kilometroko bidaia egin behar izaten dute, batez beste, egunero, euskaraz ikasi ahal izateko», salatu du eremu erdalduneko Sortzen Ikasbatuazeko bozeramaile Jone Usotzek.

Derrigorrezko hezkuntzako 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei eragiten die zonifikazioak. «Denen artean, bost milioitik gora kilometro egiten dituzte urtean», azaldu du Usotzek. Toki batetik bertzera mugitu behar izateak familien ekonomian ere eragina duela gaineratu du: «Gasolina ordaintzeko bakarrik, 540 eurokoa da haur bakoitzeko egin beharreko gastua. Haur guztiak kontuan hartuta, 750.000 eurotik goitikoa da kopurua».

Ondorio larriagorik badela nabarmendu du Sortzen Ikasbatuazeko kideak, eskolara bidean izandako istripu batean 6 urteko haur bat zendu baitzen Oteitzan.

Nafarroako Gobernuak Euskararen Legearen «interpretazio murriztailea» egiten duela nabarmendu du Usotzek. Arazoa, gainera, ez dago bakarrik eremu erdaldunean, haren hitzetan. «Eremu mistoan ere gertatzen da hizkuntza exodoa; Abartzuza eta Lezaun herrietan, adibidez, eskola badagoen arren ez baitute jartzen D eredua».

Jasotako datuak Nafarroako Parlamentuan azaldu nahi ditu Sortzen Ikasbatuazek. Alderdiei helaraziko die txostena, bai eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari eta arartekoari ere. Iribasi, hain zuzen ere, Euskararen Legearen ondorioak pairatzen dituzten haur eta gazteei gertatzen ahal zaienari buruz ardurarik hartzeko prest ote den galdetu dio Usotzek. Behin betiko «exodoa eteteko» eskatu diote Sortzen Ikasbatuazeko kideek Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.