Sindikatuek iragarritakoa betetzen hasi da Nafarroako hezkuntza publikoan: irailetik aurrera ehunka irakasle gutxiago egongo dira eskoletan. Bigarren Hezkuntzako lantaldearen berri atzo bazkalondoan eman zuen gobernuak, eta behin-behineko irakasleen batzordeak atera ditu kontuak: 170 lanpostu daude hutsik, aurreko urtean baino 198 gutxiago. Hortaz, aurreko urteetan behin-behineko gisa institutuetan lanean aritu diren ia 200 irakasle lanik gabe geratuko dira.
Murrizketak bi aldetatik egin ditu batez ere Nafarroako Gobernuak hezkuntzan: irakasleei eskola ordu gehiago pilatuko dizkiete, eta geletako ratioak handituko dituzte. Sindikatuek ohartarazi zuten mila bat lanpostu galtzeko arriskua dagoela, eta, orain arteko datuak aintzat hartuta, ez dira urrun ibiliko. Kontuan izatekoa da, gainera, aurtengo ikasturtean murrizketak jasan dituztela Nafarroako institutuetan: eskola ordu bat gehiago emanarazi diete irakasleei, eta, horren bidez, 235 postu kendu dituzte.
Mozketaren gainean egindako mozketak funtzionarioengan ere izan dezake eragina, sindikatuetako iturrien esanetan, Izan ere, leku batzuetan, lanpostuak baino irakasle finko gehiago daude. Irtenbidea bilatu beharko diete haiei. Aukerak: beste ikasgai batzuk ematen jartzea, euren adarrekoak izan ezta ere; orduak murriztea irakasleei; edota postuak badauden beste eskola batera igortzea.
Beste trikimailu bat ere erabiliko du Iruñeko gobernuak: bete gabeko postu guztiak ez ditu orain aterako behin-behinekoek har ditzaten. Irailera arte itxarongo du, eskolak hasi arte, eta orduan hartuko ditu irakasleak, ordezko gisa. Neurri horrekin, uztaileko eta abuztuko soldatak ez dizkie pagatu beharko maisu-maistra horiei.
Lanpostuen zerrendak kaleratuta, astelehenean hasiko dira irakasleak Hezkuntza Departamentura joan eta lekuak hartzen. Astelehen arratsaldean gaztelaniazko adarreko funtzionarioek dute hitzordua; astearte goizean, euskarazko adarrekoek. Horien ondoren, behin-behinekoak joango dira postuak hartzen, agortu arte.