'CAN auzia'

Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordearekin datorren legealdian jarraitzeko prest da oposizioa

Bilera itxi batean aztertuko dituzte batzordean ateratako ondorioak. Datorren ostegunean bozkatuko dute parlamentuan.

CANen ikerketa batzordearen saio bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko martxoaren 20a
09:22
Entzun

Ikerketa batzordea deitu zaio, baina gutxi ikertu du. Eskatutako informazio gehiena ukatu zaio eta agerraldirik ez du egin. Horregatik, gaur eguerdian, gutxienez PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerra prest azaldu dira batzordeak datorren legealdian jarraipena izan dezan.

Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordeak gaur izan du azken saioa Nafarroako Parlamentuan. 11:30ean bilera itxia egingo dute parlamentuko taldeek, batzordean ateratako ondorioak aztertzeko. Ondorio horiek datorren ostegunean aurkeztuko dituzte parlamentuan.

Ikerketa batzordeko buruak, UPNko Sergio Sayasek, gaurko saioa hasi aurretik adierazi du bere funtzioa "berriz planteatu" beharko litzatekeela. "Politikariok epaile izatera jokatzen dugu", aipatu du eta gaineratu: "Askotan hona gatoz ondorioak aurrez aterata, politika egitera, estrategia batekin eta ikertzeko oso gogo gutxirekin". Bere esanetan, hori gertatu da ikerketa batzorde honekin ere.

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk aste honetan emandako prentsaurrekoan "hainbat erakunderen borondate falta" salatu du. "Oztopoak jarri dizkigute", gaitzetsi zuen Maiorga Ramirezek, eta batez ere Nafarroako Gobernuak izendatutako CAN fundazioaren itxikeria salatu zuen. Koalizioak uste du batzordeak jarraitu egin beharko lukeela datorren legealdian.

EH Bilduren esanetan, lehenik eta behin, argi geratu da Nafarroako Gobernuak "utzikeriaz" jokatu zuela eta, egiazko jabe moduan, ez zuela Nafarroako Kutxaren jarduera kontrolatu, estatutuek hala zehaztu arren. Alta, gobernuko kontseilariek gogotik profitatu zuten CANeko administrazio kontseiluan eseri izana: 2004tik 2011ra bitartean milioi bat euro poltsikoratu zituzten. "Ezin da frogatu kobratu zituzten dietak benetan egin zituzten lanagatik justifikatuta dauden".

Bigarrenik, Nafarroako Kontuen Ganberak EH Bilduren ekimenez egindako txostenean ondorioztatzen da 1.003 milioi euroko ondare galera jasan zuela CANek 2009tik 2012ra bitartean.

Hirugarrenik, zabaltze faseak 367 milioi euroko kostua izan zuela ondorioztatu du, eta Washingtongo bulegoaren kostuaren nondik norakoa ezin izan dute egiaztatu. "Espainiako Bankuak ohartarazi zion ezingo zuela finantza operaziorik egin AEBetan". Ildo beretik, azpimarratu du bai langileen erretiro aurreratuek eta bai kontratazio berriek 300 milioi euroko kostua izan zutela zortzi urtean.

Azkenik, ondare artistikoari dagokionez, EH Bilduren arabera, 745 artelan falta dira. "Kontrolaren defizita ikusita, uste dugu kopuru hori handiagoa izan daitekeela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.