Hizkuntz eskubideak jomugan

Nafarroako lanpostu publikoetan hizkuntza eskubideak baztertzen jarraitzen dutela salatu du Behatokiak

Euskara ezagutza ez baloratzeak herritarrengan kalte zuzenak eragiten dituela azpimarratu du Agurne Gaubekak, hala nola, euskara erabili nahi duten pertsonak «bazterrean uztea».

Ezkerretik eskuinera Paul Bilbao eta Agurne Gaubeka. IñIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko ekainaren 29a
14:58
Entzun

Nafarroako lanpostu publikoetan hizkuntza eskubideak baztertzen jarraitzen dutela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan egindako agerraldian. Duela hogei urte salatzen zituzten kasu berberak «erreproduzitu» direla azpimarratu du Paul Bilbao Sarriak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak eta Behatokiko lehendakariak. Hortaz, gehitu du orduko kezkak gaur egun berresten direla eta «politika inbolutiboak» ere ematen direla.

Agurne Gaubeka Erauskin Behatokiko zuzendariak azpimarratu du egoerak «okerrera» egin duela azken urteetan. Zenbait lanpostu publikoetan euskara jakitea ez dela kontuan hartu salatu du; hala nola, ogasun kudeatzaileetan, ikertzaile eta teknikarietan, liburutegi arduradunetan, osasun publikoan, suhiltzaile eta suhiltzaile kaboetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikokoan. Ostean, horren ondorioak azaldu ditu: «Herritarrek zerbitzuak euskaraz inongo albo kalte gabe jasotzea ezingo da ahalbidetu Nafarroako Gobernuk hainbat departamentu eta ataletan». Hortaz, oraingo eta etorkizuneko herritarren eskubideak erabat baldintzatzen ari direla azpimarratu du.

Osasun publikoan berebiziko arreta jarri du eta hainbat kasu konkretuak aipatu ditu; esate baterako, legeak ezarritako eremu euskaldunean osasun etxeetako 24 pediatria lanpostuetatik hirutan soilik eskatzen zela B2 titulazioa. Horrez gain, esan du legeak ezarritako eremu mistoko hamar osasun etxeetako lanpostuetan zein eremu ez euskalduneko 11 lanpostuetan euskara ez zela eskatzen ez puntuatzen, baina alemanera, ingelesak eta frantsesak puntuatzen zutela. Horrelako lanpostuetan euskara jakitea «nahitaezkoa» izan behar zela nagusitu du, osasun arreta «egokiena» eta herritarrekiko osasuna «behar bezala» bermatzeko.

Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretu berriari buruz aurreratu diren informazioetan arretan jarri du. Gaubekaren arabera, euskarak ez luke legeak ezarritako eremu ez euskaldunean puntuatuko; eremu mistoan, berriz, herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dieten lanpostuetan eta Osasunbideko fakultatibo lanpostuetan soilik izango litzateke puntuagarri. Horrek ekarri ditzakeen hiru ondorio nagusi azpimarratu ditu; euskara erabili nahi duten pertsonak «bazterrean uztea», nafarren arteko «bereizkeria eta bazterkeria» sustatuko dituela eta herritarrei «iruzurra egitea» dela.

Manifestaziorako deia

Eskubide murrizketarik onartuko ez dutela salatzeko uztailaren 2ko manifestaziora joateko dei egin dute. Manifestazioa Iruñeko Baluarte plazatik hasiko da, ostiralean 18:30ean. Horrekin batera, Bilbaok azpimarratu du behatokia ireki zutenean «ixteko bokazioa» zuen fundazio independientea zabaldu nahi zuela kontseiluak, eta, «tamalez», behatokiak oraindik «oso urrun» daukala itxiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.