Birusaren transmisioa nabarmen larriagotu da Nafarroan. Are, izurriteak utzitako datuak bereziki kezkagarriak dira foru erkidegoko zenbait herritan, eta, gauzak horrela, kutsatzea eteteko asmoz, gobernuak itxiera perimetrala ezarriko du horietako batzuetan. Ostegunetik, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes itxiak izanen dira.
Zehazki, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, muga apirilaren 29ra arte izanen da indarrean, gutxienez. Bitarte horretan, ezin izanen da herrietan sartu, ezta horietatik atera ere, funtsezko arrazoiengatik ez bada.
Osasun Departamentuak emandako azken datuen arabera, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua lau herrietan da 1.000tik gorakoa, azken egunotan kutsatzeek izandako goraldiaren ondorioz. Are, tasak 2.000ren langa gainditzen du horietako hirutan. Zehazki, itxiko diren herrien artean, egoera epidemiologikoa Arbizun da larriena: azken hamalau egunetan 3.621 laguni atzeman diete birusa 100.000 biztanleko. Etxarri Aranatzen, tasa 2.158 da; Lodosan, 2.047, eta Alesbesen, berriz, 1.178.
Baheketa gehiago
Itxiera perimetralaz gainera, Nafarroako Gobernuak iragarri du Osasunbideak COVID-19a atzemateko baheketak eginen dituela Etxarri Aranatzen eta Alesbesen. 1.200 diagnostiko proba eginen dira. Zehazki, Etxarri Aranazko herritarrei dagokienez, bi adin tartetako pertsonak deituko dituzte baheketan parte hartzera: 15 eta 29 urte artekoak eta 45 eta 64 artekoak. Alesbesen, berriz, 15 eta 29 urte arteko biztanleei eginen dizkiete testak.