2014KO AURREKONTUAK

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du gobernuaren aurrekontu proposamena

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak botoa eman dute aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztearen alde. 2012koak berriro luzatu beharko ditu gobernuak.

joxerra senar
2013ko abenduaren 10a
17:22
Entzun

Tramitea bete da. Bi ordu eta 45 minutu iraun du eztabaidak, eta alderdi bakoitzak aurrez idatzitako gidoiaren arabera jokatu du. Emaitza ere halakoxea izan da, eta PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik Nafarroako Gobernuaren 2014ko aurrekontu proiektua atzera botatzea erabaki dute: osoko zuzenketen alde 25 boto alde eta 23 kontra.

10:00etan hasi da eztabaida, eta 12:45ean amaitu. Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak aurrekontu proiektuaren edukia defenditu du, nahiz eta bere diskurtsoan berehala antzeman den ez zuela itxaropen handirik. Aurrekontuak “errealistatzat” jo ditu eta oposizioari, aldiz, “utopiak alboratzea” galdegin dio.

Jarraian, osoko zuzenketak aurkeztu ziren ordenean hitz egin dute taldeek. Lehena Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenez izan da. Bere esanetan, aurrekontu proiektu atzera bota izanaren errua ez dagokio oposizioari, gobernuari baizik. “Gobernu honek ez du gaitasunik gehiengoa onar ditzakeen aurrekontu batzuk aurkezteko”. Etsituta ikusten du Barcinaren exekutiboa, eta kezkagarritzat jo du herritarren arazoak konpontzeko ardura gainetik kendu eta orain “biktimaren rola” jokatu nahi izatea. “Zuen betebeharrak biktimismoarekin ordezkatu dituzue, zuen bakardadea, ahuldadea eta ezintasuna ezkutatzeko”.

Aurrekontuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Jimenezek nabarmendu du gobernuak ez duela sinesgarritasunik. Gogora ekarri du nola 2011tik hona ez gastuetan ez diru sarreratan ez direla exekutiboaren aurreikuspen bakarra ere bete, eta ondorioz 2014ko aurrekontu proiektua egiteko irizpide nagusiek ere ez dutela konfiantzarik merezi. “Nafarroak gobernu hau jasan behar du legealdia amaitu arte”.

Ildo beretik, Geroa Baiko Manu Aierdiren arabera, aurrekontu proiektuak ez du konfiantzarik eragiten bere aurreikuspenetan. “Ez dira Nafarroak behar dituen aurrekontuak”, nabarmendu du ere. Bere ustez, aurrekontu proiektu horren bidez, UPNren gobernuak erakusten du “kudeatzaile huts” izatera mugatu nahi duela; “bere itxaropena da kanpotik arazoak konpontzea”.  

Aierdik, era berean, gogoratu du nola udatik bueltan Yolanda Barcinak zin egin zuen zerga erreformari buruzko eztabaida sustatu nahi zuela. Handik gutxira, ordea, UPNk beste azalpenik eman gabe, eztabaida udara arte atzeratzea erabaki zuen, eta erreforma hori konplexua dela jakinik ere, Aierdik kritikatu du “beste legealdira” atzeratuko duela.
Jose Miguel Nuin Ezkerra koalizioko eledunaren arabera, Nafarroako Gobernuak “ ez du errelismoa izateko eskatzen, etsituta egoteko baizik”. Bere hitzetan, egoera larria bizi dute Nafarroako familia ugarik, muturreko pobrezia bikoiztu edo senide guztiak langabezian dituzten senideen kopurua bost aldiz handitu delako. “Aurrekontu hauek ez dute hatzik mugitzen krisi honen biktimen alde”. Gainera, kritikatu duenez “AHTren diru xahutzea salbu, inbertsio publikoa hondoratu egin da”. Murrizketak ere aipatu ditu: “Hezkuntzan 2010etik gastua %15 murriztu da, baina itundutako ikastetxe pribatuentzako laguntzak %1,2 murriztu dira. Ikusten denez, murrizketetan ere klaseak eta klaseak daude.
Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, berriz, “aurpegia eduki behar da oposizioari leporatzeko zorra oposizioaren erruz dela eta ez zuen politika ekonomikoaren ondorioz. Urtetan egon zarete agintean eta aurpegia eduki behar da ardura saihesteko”. Gizarteak hainbat aldiz murrizketekin eta politika horrekin ados ez dagoela adierazi arren, UPNri jaramonik ez egitea aurpegiratu dio. “Zuek beti zuenera”.

Bigarren urtez, aurrekontu luzatuak izango dituela-eta, herritarrei bere hitza emateko eskatu dio Bilduk Barcinari. “Bada ez. Zu ez zara horietarikoa. PPren morroi zara”. Bilduren arabera, Nafarroa bidegurutze historiko batean aurkitzean da, eta bere nortasun propioa galtzeko zorian dago. “Gainbehera horretan, Espainiako barruti bat gehiago izateko bidean da. Etorkizunean erabakiak hartzeko erremintarik gabe utzi nahi duzue Nafarroa”.

PSNko Roberto Jimenezek eskatu dio biktimismoz ez jokatzeko. “Bakarrik zaude nahi izan duzuelako, eta itun bati traizio egin zeniotelako”, aipatu du 2012ko gobernu koalizioaren haustura aurpegiratuz UPNri. Bere ustez kezkagarria da bigarren urtez Nafarroak aurrekonturik ez izatea. “Ezin dugu horrela jarraitu, har ezazu zure erantzukizuna zure gain. Ez duzu gehiengorik eta ezin duzu lortu. Onartzen dut ez dagoela gehiengorik ere alternatiba osatzeko. Orduan eman dezala bere iritzia herriak. Ez bultzatu gobernua arrastaka 2015era arte, utzi zure inters pertsonala albo batera”, zuzendu zaio Barcinari.

Beste argudiorik ezean, alternatiba osatzeko oposizioaren ezintasunari heldu dio UPNko Carlos Garcia Adanerok. Beste behin, oposizioari “ezetzaren koordinatzailea” deitu dio, eta gogoan ekarri du Nafarroatik kanpo beste gauza batzuk egiten dituztela. Kasu horietan bere erreferentzia nagusiak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia izan ohi dira. Bere ustez, egungo zifretan ,aurrekontu desberdinak egiteko “marjin txikia” dago, eta hobe lukete oposizioko alderdiek aurrekontu proiektu aldatu zatikako zuzenketen bidez. “Baina horretarako dirua beste tokietatik kendu behar da, eta ezinezkoa da mundua guztia pozik uztea. Horregatik hobe da atzera botatzea”.

Ildo beretik jo du PPko Enrique Martin de Marcosek. “Aurrekontuak kutxa batera botatzeak ez du ezer konponduko”, aurpegiratu dio oposizioari. Osoko zuzenketen aurka egiteak, bere esanetan, ez du esan nahi PPk UPNri “txeke txuria” sinatzen diola. Bere ustez, zorrak baldintzatutako aurrekontuak dira, eta hori gertatu da 2010 aurreko urteetan gastuak gora egin zuelako kontrolik gabe.  Amaitu du esanez, hobe dela aurrekontuak atzera bota gabe eztabaidatzea eta egin behar denaren erreferentzia gisa jarri du Mariano Rajoy. Bere esanetan, enpleguaren aldeko aurrekontuak onartuko ditu PPk Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.