Oraindik ez da argitu zer gertatu den. Azaroaren 22an, bat-batean, Guardia Zibilaren aginduz, Patxi Zamora Kontuz elkarteko eledunari hegazkinetan sartzeko baimena kendu zioten —Iberian hegazkin zerbitzari gisa lan egin du hiru hamarkadatan—, eta, jarraian, hegazkin konpainiak kaleratu egin zuen. Gertatutako guztia "mendekua" izan dela salatu zuen urtarrilean Kontuz elkarteak, eta geroztik hainbat eragilek babesa agertu diote Zamorari.
Gaur onartutako ebazpenean, parlamentua kezkatuta agertu da Zamorak salatutako "gertaera larriekin", eta inplikatutako administrazio publikoei gertatutakoa argitzeko eskatu die. Era berean, "erantzukizunak bere gain hartzeko eta ahalik eta azkarren bere lanpostura itzultzea ahalbidetzeko" eskatu dute.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak onartu dute ebazpena, eta gainerako hiru alderdiek aurka bozkatu dute. Ebazpenak bere egin ditu Kontuz-ek salaketan erabilitako argudioak. Hala, "arbitrariotasunez eta zigorgabetasunez" jokatu dela eta Zamora "babesgabe" utzi nahi izan dutela salatu dute. Gainera, aipatu dute Nafarroako Kutxa desagertu osteko salaketan nabarmendu den pertsona baten aurka mendekuz jokatu nahi izan dutela. "Oinarrizko hiru eskubide urratu dira: lanerako eskubidea, informaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna".
Parlamentuko ebazpenak gogora ekarri du oraindik orain Guardia Zibilak, Espainiako Barne Ministerioak edo Espainiako Gobernu ordezkaritzak ez dutela inongo azalpenik eman. "Zamora kaleratu egin zuen herritarren ordezkarien kontrolpean egon behar lukeen erakunde batek, Guardia Zibilak. Egun batetik bestera aireportuetan identifikatzeko baimena kentzea erabaki zuen, bestelako arrazoirik eman gabe".