Altsasuko auzia

Nafarroako Parlamentuak larunbateko manifestazioarekin bat egitera deitu du

Altsasu Gurasoak auzipetuen senideen taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako mobilizazioaren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute.

Gazteluko Plaza jendez beteta, auziperatuei elkartasuna adierazteko iragan martxoaren 17an. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 9a
16:57
Entzun

Golem zinema aretoetatik hasiko da manifestazioa larunbatean, 17:30ean, eta Gazteluko plazan amaituko da. Deialdiak parlamentuaren babes instituzionala izango du, gaur babesa adierazi baitio.

Gobernua sostengatzen duten alderdiek babesa eman diote Justizia, ez da terrorismoa lelopean egingo den manifestazioari. "Gure konpromisoa adierazi nahi dugu giza eskubideekin, askatasunarekin eta berme demokratikoekin", esan du Geroa Baiko Koldo Martinezek.

2016ko urriaren 15eko gertaerek judizialki izan duten "erabateko neurrigabekeria" kritikatu du EH Bilduko Adolfo Araizek. Gogora ekarri du hiru gaztek 500 egun baino gehiago daramatzatela espetxean. Araizek argi du terrorismo kontzeptua "neurrigabe" erabili dela, eta haren erabilera "maltzurra" egin dela. Horregatik, haren ustez, "deigarria eta azpimarragarria" da parlamentuak urrats bat egin eta deialdiarekin bat egitea.

Laura Perez Ahal Dugu-ko parlamentariak salatu egin du PSN "alde batera" jartzea "horrelako gehiegikeria judizial baten aurrean". Perezek argi utzi du ez dela aldarrikatzen zigorgabetasuna, "proportzionaltasuna baizik". 

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek kritikatu du "talde terrorista bateko kide izan gabe edo ekintza terroristak egin gabe" Auzitegi Nazionalak interpretazio juridiko horren alde egitea. "Justizia ez da gertaerok terrorismotzat jotzea eta 50 urteko espetxe zigorra eskatzea".

Kontrakoen iritziak

UPNko Javier Esparzak manifestazioaren deialdiaren aurka bozkatu du, "epaileei presio egin nahi dietelako". Haren ustez, "zentzugabea" da parlamentuaren gehiengo batek presio hori egin nahi izatea.

PSNko Maria Txibiteren ustez, Altsasukoa "ez zen izan taberna bateko liskar huts bat. Ez ziren herritar batzuk, guardia zibilak ziren, eta arrazoi jakin batengatik izan zen".

PPko Ana Beltranen irudiko, "larria da" parlamentuak botere banaketa urratu nahi izatea. "Laukoak ez du sinesten botere banaketan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.