Enrique Martin de Marcos popularrak dimisioa eman du Nafarroako PPko buruzagitzatik. Ondorioz, eta haren ordezkoa aukeratu bitartean, Alderdi Popularreko Exekutiba Nazionalak batzorde kudeatzaile bat izendatu du.
Pablo Zalba eurodiputatu popularrak zuzenduko du batzorde hau.
PPko buruzagitzak komunikatu baten bidez zabaldu du "arrazoi pertsonalak" daudela dimisioaren atzean. Aldiz, zenbait komunikabidek eskuratutako Martin de Marcosen gutun baten arabera, alderdiak berekiko agertutako "babes eta konfiantza falta" egon da erabakiaren atzean, eta baita hainbat aldiz "entzungor" egin izana ere. Horretaz gain, alderdiko zenbait kidek eragin dioten "atsekabea" ere aipatzen du PPko buruzagi ohiak gutunean.
Martin de Marcosek alderdiko buruzagitza ez ezik, Legebiltzarreko eserlekua ere utzi egin du. Ez, ordea, Tuterako zinegotzi kargua.