Nafarroako subiranotasunaren alde egin dute EAk eta ezker abertzaleak

Nafarroako eragileekin izandako bileretan ondorioztatu dute bakea eta normalizazio politikoa «ezinbestekoak» direla

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Uste dugu azken hilabete honetako lanak bere fruituak eman ditzakeela Nafarroan beste eredu bat aldezten dugunon arteko elkarlanerako». Irailaren hasieran Nafarroako aldaketa politiko eta sozialerako printzipioen dekalogoa ezagutarazteko bilera erronda egin dute ezker abertzaleak eta EAk azken asteetan Nafarroako gizarte eta politika arloko eragileekin. Iruñean, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzailearen eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kidearen ustez, bilerek balio izan diete beste eragileen ekarpenak «lehen eskutik» jasotzeko. Bilera horietan, batetik, nabarmendu da bakea eta normalizazio politikoa «ezinbestekoak» direla, eta, bestetik, ondorioztatu da azken 30 urteotako eredua «agortuta» dagoela eta Nafarroak bere subiranotasuna berreskuratu behar duela.

Horri lotuta, beste bi ondorio atera dituzte. Lehenik, Nafarroak bere eskubide historikoetan eta autogobernuan sakondu behar duela, «Madrildik inposatuak izan gabe eta gutxi batzuen interesen menpe egon gabe». Bigarrenik, aldaketa politiko eta soziala «nahitaez» printzipio aurrerakoi eta ezkertiarrei loturik egon behar duela iritzi diote.

Behin ondorio horiek aterata, ezker abertzaleak eta EAk azpimarratu dute hala Euskal Herri osoan nola Nafarroan aldaketa politikoa lortzea «posible» badela, eta Nafarroan ezkerrekoa eta abertzalea den eremu horretan «akordioak lortzea eta dagoeneko daudenak zabaltzeko ahaleginek» fruituak eman ditzaketela.

Txelui Morenok, dena den, onartu du orain arte eman diren pausoak ematea kostatu dela, eta urrats guztien artean funtsezkotzat jo du herritarren parte-hartzea: «Azken urteetan politikoki bata bestearen aurka egotera iritsi gara, eta lubaki horiek desegitea garrantzitsua da, baita erakundeen artean konplizitateak sortzea ere. Hala ere, hori ez da gatazka konpontzeko giltzarria. Prozesu honek amaieraraino iristeko bermea gizartearen inplikazioa izango da».

Horregatik, behin bilera errondak amaituta, ondorengo urratsa izango da herritarren iritzia eta iradokizunak jasotzea, eta, horretarako, dozena bat hitzaldi inguru antolatzen ari dira Nafarroako herri nagusietan. Epeak eta tokiak oraindik ixteko dituztenez, hurrengo egunetan emango dute horren berri.

Hitzaldietan herritarrek orain arteko akordio politikoen zein ibilbidearen inguruko xehetasunak «lehen eskutik» jasotzeko aukera izango dute:«Noiztik ari garen Euskaldunako Lortu arte akordioarekin lanean, noiztik Gernikako itunarekin, zer pauso eman diren, nola gainditu diren oztopoak, zer erantzun eman dituzten eragile sozialek eta politikoek...», adierazi du Morenok

Manifestazioarekin bat

Maiorga Ramirezek gaineratu du hitzaldi horietan alderdiek herritarren ekarpenak jaso ahalko dituztela, eta, neurri berean, oso garrantzitsutzat jo ditu «fase politiko berri honen araberako irizpideekin» deitzen diren mobilizazioetan parte hartzea. Horregatik, gaur Independentistak sareak 17:00etan Iruñean antolatu duen Martxa Berdean parte hartzera deitu du: «Eraikitzen ari garen jokaleku politiko horretan, garrantzitsua da herritarren parte-hartze demokratikoa, baketsua baina baita irmoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.