euskal herria

Nafarroako tokiko maparen erreforma bertan behera uzteko eskatuko dute bihar Berriozarren

Herri eta kontzejuen batzarra egingo dute, eta eskaera Nafarroako Parlamentuan aurkezteko sinadurak bilduko dituzte.

Hainbat herri eta kontzejuetako hautetsiak, atzo. I. URIZ, ARP
jon ordonez garmendia
2014ko urtarrilaren 31
17:35
Entzun

2012ko maiatzean iragarri zuen Nafarroako Tokiko Administrazioaren zuzendari nagusiak maparen erreforma. Nafarroako Gobernuak lau hilabete geroago aurkeztu zuen lege proiektua. Bi urte hauetan, ordea, Nafarroako herri eta kontzejuek eztabaidan ez dutela parte hartzerik izan salatu dute hainbat hautetsik behin baino gehiagotan, eta bihar Berriozarren egingo duten batzarrean erreforma bertan behera uzteko hautetsi gehiagoren sinadurak bilduko dituzte, gero Nafarroako Parlamentuan aurkezteko.

Euren ahotsa entzunarazi nahi dute Nafarroako herri eta kontzejuek. Parte hartu nahi dute eztabaidan. Aitortzen dute Nafarroako Parlamentuak tokiko mapa aldatzeko duen zilegitasuna, baina eurek ere parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute, eta ardura dutela, hautetsi izateak ematen dien zilegitasuna argudiatuz. Une honetan Nafarroako Parlamentuan ponentzia bat dago osatuta gaia eztabaidatzeko. Horretarako mahai gainean Nafarroako Gobernuaren lege proiektua eta PSNren legezko proposamena dituzte.

Kontzejuak, ia eskumenik gabe

Nafarroako herri eta kontzejuek salatu dute erreforma eurei bizkarra emanez ari direla negoziatzen, eta bide ofizialetatik ez zaiela informaziorik iritsi gaineratu dute; dakitena, beste bide batzuetatik iritsi zaie. Atzo Nafarroako hainbat herri eta kontzejutako alkate, zinegotzi eta presidentek beste hautetsiak bihar Berriozarrera joan eta eskaera sinatzera deitu zituzten. Horien artean egon ziren, Abartzuza, Lodosa, Artazu, Zizur, Gesalatz, Eugi, Oltza, Villamayor de Monjardin eta Atarrabiako hautetsiak.

Maparen erreformak eragin handia izango du herri eta kontzejuetan. Azken horiek, adibidez, herri lurretako ustiaketa eta kudeaketa eskubidea galduko dute. Onartuz gero, udalek egingo dute lan hori eta jasotako irabazien erdia soilik izango dute kontzejuek. Hautetsiek atzo jakinarazi zutenez, erreforman egin duten azken aldaketarekin ia eskumenik gabe geratuko dira kontzejuak; soilik jaiak, artxiboak, bideak eta hilerriak kudeatuko dituzte. Nafarroak 348 kontzeju daude, txikienak 20 biztanlekoak eta handienak, 2.000koak.

Mankomunitateak, gainera, desagertu egingo dira, eta erreformak Foru Barrutiak sortuko ditu. Guztira zortzi Foru Barruti sortzea aurreikusten du erreformak, eta horiek 60 mankomunitate ordezkatuko dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.