Nafarroako populazioaren %9,7 bizi da pobrezian. Hau da, 60.300 pertsona inguru. Horixe erran du Iruñean Graciela Manglesinik, Gurutze Gorriko ikertzaile eta irakasleak. Jende multzo hori zehazteko, Europan ezarritako azken adierazleak baliatu ditu erakunde horrek. Hiru dira kontuan hartu beharreko irizpideak, adierazle horien arabera: pobrezia erlatiboa, ondasun materialen gabezia, eta heldu guztiak lanik gabe dituzten etxeak. Irizpide horietako bat, behintzat, betetzen dute Nafarroan pobrezian bizi diren 60.300 pertsonek. Eta haietako 18.000 artatzen ditu Gurutze Gorriak.
Pobreziaz ikerketa egin du Gurutze Gorriak, eta emaitzek agerian utzi dute pertsona kalteberek bazter gelditzeko arrisku handia dutela. 2010. urteko datuak jaso ditu erakunde horrek txostenean; haren arabera, etorkinak dira, batez ere, pobrezia eta bazterketa arriskua pairatzen dutenak. Gurutze Gorriak haientzako programa zehatza du.
Zaharrentzako martxan jarri duen programa da ikerketan aztertutako bigarren puntua, eta langabeek osatzen dute hirugarrena. «Talde bakoitzaren soslaia ezberdina da, eta haiekin lan egiteko modua ere bai», azaldu du Gurutze Gorriko Gizartean Esku Hartzeko Saileko zuzendari Conchi Igeak.
Etorkinen egoerari buruz, Nafarroako Parlamentuak berriki oinarrizko errentari buruz onartutako aldaketak aipatu ditu Igeak: «Orain arte paperik gabeko etorkinek bazuten oinarrizko errenta hori jasotzeko eskubidea; aurrerantzean, ordea, ez dute izango». Horrek erran nahi du, administrazioak eskaintzen dituen bideak erabiltzeko aukerarik gabe, Gurutze Gorriaren gisako erakundeetara joko dutela zuzenean, Igeak adierazi duenez.
Egungo krisiak ez ditu etorkinak bakarrik ukitzen. Txostenak jasotako datuen arabera, Nafarroan langabeziak gero eta gehiago ukitzen ditu emakumeak eta gazteak. 25 urtetik beheitikoen artean, hain zuzen ere, % 38koa da langabezia tasa. «Hagitz kopuru handia da», erran du Manglesinik.
Egoerak aldatzen
Nafarroan pertsona kalteberak, gaur egun, etorkinak baldin badira ere, laster errealitate hori aldatzen ahal dela erran du Conchi Igeak: «Langabeen programan, adibidez, bertakoak gero eta gehiago dira. 50 urtetik goitikoak dira anitz, lehenbiziko aldiz lanik gabe gelditu diren pertsonak».
Bertako jendeak, etorkinek ez bezala, familiaren babesa izan dezakete egoerak okerrera egiten duenean. Horrek ere, dena den, arazoak sor ditzake hemendik aurrera, Igeak nabarmendu duenez. «Egun, bada 500 eurotik beheitiko pentsioarekin bizi den zahar anitz. Aurrera egiten dute, nola edo hala, baina egoera alda daiteke lanik gabe gelditu diren seme-alabak, haien familiekin, etxera itzultzen direnean». Egoera horiek guztiak kontuan hartzeko beharra gogorarazi, eta Nafarroako Gobernuak ere aurre egin beharko diela ohartarazi du.
Nafarroan 60.300 pertsona pobrezian bizi dira, ia %10
Gurutze Gorriak behar larrian diren 18.000 lagun artatzen ditu, egun martxan dituen programetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu