Gora egin du haurdunaldia eten duten emakumeen kopuruak Nafarroan. 855 emakumek abortatu zuten 2010. urtean; 2009an, berriz, 689k. Iazko daturik oraindik ez du plazaratu Espainiako Osasun Ministerioak. «Estatuan mila emakumetik 11,49k abortatzen dute; Nafarroan 6,92koa da kopurua; erdia alegia». Oihana Lopezenak dira hitzak. Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarreko kidea da. Talde horrek elkarretaratzea antolatu du hilaren 28rako, Iruñean. Egun horretan emakumeen osasunaren eguna ospatzen da munduan. Iruñeko Gazteluko plazan, 20:00etan, emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen alde eginen dute elkarretaratzean parte hartuko dutenek.
Eskubide horien artean kokatzen dute abortuarena. Eta eskubide hori osasun sistema publikoan gauzatzeko eskatu dute abortuaren aldeko batzarreko kideek. Nafarroan horretarako aukerarik ez da. Joan den urrian, klinika pribatu bat zabaldu zuten Antsoainen, eta, geroztik, Nafarroako Gobernutik hara bideratzen dituztehaurdunaldia eten nahi duten emakumeak. «Emakumeen arretarako zentroetan horixe esan digute, baina daturik ez da», zehaztu du Lopezek. Iazko urrira arte, herrialdetik kanpo jo behar zuten Nafarroan abortatu nahi zuten emakumeek.
Nafarroako emakume taldeek abortatzeko eskubidea Nafarroan eta zentro publikoetan gauzatzearen alde egin dute. «Osasun sistema publikoan egiten diren ebakuntzen arteko bertze bat izan beharko luke abortuak», nabarmendu du eskubide horren aldeko batzarreko kide Elena Lakabek.
Abortua zentro pribatuetan egiten bada ere, emakumeen lehen urratsa sistema publikora jotzea dela nabarmendu du Lakabek. Emakumeen arretarako zentroetara joaten dira, eta handik bideratzen dituzte abortuak egiten dituzten klinika pribatuetara. «Nafarroako Gobernuak ebakuntzaren kostua bere gain hartzeko modu bakarra hori da», argitu du.
Pilula, lehen zazpi asteetan
2010. urtean abortatzea erabaki zuten ia emakume guztiak artatu zituzten zentro pribatuetan, Lopezek azaldu duenez. «Lau besterik ez zentro publikoren batean». Eta, betiere, Nafarroatik kanpo.
Abortu guztien %30 pilula bidez egin zituzten; RU-486 pilularen bitartez, hain zuzen ere. Haurdunaldiaren lehendabiziko zazpi asteetan erabiltzen ahal da abortatzeko pilula hori. «Azpimarratzekoa da datu hori, sistema horrek ez baitu ebakuntzarik eskatzen. Botika hartuz egiten da, eta, ondorioz, arazorik gabe egin daiteke emakumeen arretarako zentroetan, sare publikoan». Gaur egun, ordea, pilula bidezko abortu horiek ere arlo pribatuan egiten dira.
Pilula zazpigarren astera arte erabiltzen ahal da. Egungo abortuaren legeak, berriz, hamalaugarren astera arte ematen du aukera inolako arrazoirik aipatu gabe abortatzeko. Datuek erakusten dute emakume gehienek epe horren barruan hartu zutela 2010ean haurdunaldia eteteko erabakia. «%87k lehen hamabi asteetan abortatu zuten; emakumeen %91k baino gehiagok aurrera jarraitu nahi ez zutelako abortatu zuten, ez bertzelako arrazoirik zutelako».
Datuek islatzen dute bertzelako egoerarik, haren hitzetan. «2010ean abortatu zuten emakumeen ia %41 etorkinak ziren, eta haietako %30 Hego Amerikakoak. Datu horrek erakusten digu heziketa lanak eta haurdunaldiari aurrea hartzeko bideek huts egiten dutela emakume horien artean».
Kezkatuta
Heziketa. Abortua zentro publikoetan egiteko eskubidea. 30 urte luzeko bidea egin du mugimendu feministak Nafarroan, eta haren hastapenean errepikatzen ziren leloak oihukatzen jarraitu behar dute emakumeek, oraindik ere, Nafarroan. Horixe nabarmendu du Begoña Zabalak, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarrak egindako bideoan.
Espainiako Gobernuak abortuaren legean iragarritako aldaketen beldur dira batzarreko kideak. Horregatik egin dute bideoa, eta horregatik erabaki dute karrikara ateratzea. «Egungo legea ez da nahikoa, eta emakumea zigortzen du hamalaugarren astetik aurrera abortatzen badu; PPk egin nahi dituen aldaketek are egoera okerragoan utziko lituzkete emakumeak», salatu dute Lakabek eta Lopezek.
Oraintxe beteko dira bi urte egungo abortuaren legea indarrean dela Hego Euskal Herrian. Hamalaugarren astera arteko epea ezartzen du 2010eko lege horrek, eta aukera ematen die 16 eta 17 urteko emakume adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzeko. Emakume gazte horien gurasoek haien erabakiaren berri izan behar dute, hala ere, salbuespen batekin: gurasoak jakinaren gainean jartzeak ekartzen badu indarkeria, tratu txar edo mehatxu arriskurik.
Bi ezaugarri horiek aldatu nahi ditu oraingo Espainiako Gobernuak, bertzeak bertze. Horregatik, karrikara ateratzeko urratsa egiteko eskatu diete Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarreko kideek emakumeei, eta, oro har, gizarte osoari, eta deia egin diete hilaren 28ko elkarretaratzean parte har dezaten.
Jokoan anitz dela argi dute emakumeek. «Gure gorputzen eta gure biziaren kontrola dago jokoan. Horregatik, botere publikoei eskatu nahi diegu osasun publikoan emakume guztien sexu eta ugalketa eskubideak errespetatzeko», erran du Lopezek. «Gure gorputza da, eta gurea da erabakia».
Abortua Nafarroan
Nafarroan 855 emakumek abortatu zuten 2010ean, %30ek pilula bidez
Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarrak elkarretaratzea eginen du hilaren 28an, andreen eskubideen aldeHaurdunaldia eten duten emakumeen kopurua igo da; 689 izan ziren 2009. urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu