OSASUNA

Nafarroan abortuak egiteko, ituna sinatuko du gobernuak Antsoaingo klinikarekin

Vera kontseilariak jakinarazi du negoziatzen ari direla. Urtea amaitzerako akordioa lortzea espero du.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko apirilaren 9a
16:06
Entzun

Nafarroako Gobernuak itun bat sinatuko du herrialde horretan abortuak egiten dituen klinika pribatuarekin. Antsoainen dago erietxe hori, eta 2011n zabaldu zuten. Urte askoan Nafarroan ez da aborturik egiteko aukerarik izan, eta beste herrialde batzuetara jo behar izan dute emakumeek haurdunaldia eteteko. Klinika hori ireki zutenean, andreak hara bideratuko zituela iragarri zuen gobernuak, baina, emakume taldeen arabera, daturik ez dute eman horri buruz. Marta Vera kontseilariak gaur jakinarazi du osasun sistema publikoak ituna egingo duela erietxe horrekin, eta abortuak han egin ahalko dituztela emakumeek.

Comptos Ganberak atzo txosten bat kaleratu zuen abortuei buruz, eta, hain zuzen ere, horri buruz kazetariek galdera egin diotenean eman du albistea Verak. Abortuak Osasunbidean egitea aztertzeko eskatu dio kontuen ganberak Iruñeko gobernuari, besteak beste. Osasun kontseilariak erantzun du aztertuko dutela aukera hori.

Comptosen azterketak bi aukera aipatzen ditu: Antsoaingo klinikarekin ituna egitea edo Osasunbidean abortuak egiten hastea. Merkeena sistema publikoan egitea litzatekeela dio. Verak esan du dirua soilik ez dela kontua: "Xehetasunak aztertu behar dira, eta gomendioak aztertu behar dira ez ikuspegi ekonomikotik soilik; ikuspegi klinikoa ere kontuan hartu behar da".

Antsoaingo klinikarekin negoziatzen ari direla jakinarazi du. "Gomendioetako bat hori zen, eta horretan ari gara, itun bat egiteko asmoarekin, haurdunaldia eten nahi dutenek han egin dezaten. Aurten bertan ixtea espero dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.