Nafarroan AHTko lanek ez dute lege bermerik, Sustrai fundazioarentzat

Cristobal Montorok berretsi du Madrilek 'Euskal Y'-aren diru funtsa %40 murriztuko duela heldu den urtean

Erredakzioa
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Sustrai Erakuntza Fundazioak salatu du Castejon eta Cadreita arteko (Nafarroa) AHT abiadura handiko trena egiteko lanen proiektuak ez duela lege bermerik. Izan ere, egungo proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa jadanik ez dago indarrean. Balorazioak bost urteko epe muga du, eta lan horientzat egindako azkena 2004koa da. Hala izanik, lanen «berehalako» hasiera dela eta, Nafarroako Gobernua «aurrera iheska» dabilela salatu dute.

Sustrai Erakuntzak helegitea jarri zuen iaz Espainiako Auzitegi Nazionalean, egoera salatzeko. «Beraz, uste dugu Nafarroako Gobernua beharrezkoa den lege babesik gabe bultzatzen ari dela egungo lanak», azaldu dute. Halaber, ezinbestekotzat jo dute ingurumenaren gaineko eraginen ebaluazioak bost urtean behin berritzea: «Begi bistakoa da 2004an proiektua aurkeztu zenetik ingurumen egoera aldatu egin dela, ekonomikoa ez aipatzearren».

Krisi ekonomikoa eragina izaten ari baita jada AHTko lanetan. Espainiako Gobernuak AHTaren aurrekontuak 2013an %40 txikituko dituela berretsi zuen atzo Cristobal Montorok, Ogasun ministroak, Espainiako Kongresuan: 314 milioi eurotik 190ra murriztuko dute. Alegia, Hego Euskal Herriko azpiegiturentzat diru gehiago ez dagoela argitu zuen.

AHTaren kontrako sinadurak

Frantzia eta Espainiako gobernuek, berriz, AHTaren loturaren ibilbidea 2013an adostuko dutela aurreratu zuten atzo Parisen, gobernu bietako presidenteek eta zenbait ministrok egindako bileran. Hego Euskal Herria eta Bordele (Frantzia) lotuko ditu linea berriak.

Baionan, berriz, abiadura handiko trenaren kontrako 23.652 sinadura eta 2.645 lekukotasun eskura eman zizkioten CADE talde ekologistako ordezkariek Laurent Nuñez prefetari. Beste hainbat talde ekologistarekinbatera, AHTaren inguruko herri galdeketa egin zuten Ipar Euskal Herrian eta Landetan (Frantzia) irailaren 23an. «Ez du zentzurik linea berriak eraikitzeak Iberiar penintsulatik datorren zirkulazioa hartzeko, egungo lineak bere ahalmenaren %30 baino ez baitu hartzen», iritzi dio Victor Pachon CADEko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.