Kontseiluak, Nafarroan aldaketa euskaratik eman dadin bultzatzea du eginkizun nagusienetako bat aurten, eta hori eskatzeko manifestazioa egingo du ekainaren 4an Iruñean Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean. Mobilizazioarekin, euskarari neurri ausartak hartuz bide eman behar zaiola aldarrikatuko du, "justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako". "Eta noski, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok euskarari bide ematen diogula ere adieraziko da manifestazioan".
Manifestazioa ez da ekintza isolatu bat izango. Kontseiluak iragarri duenez, planteamendu oso bat izango du datozen urteotan behar den aldaketa eman dadin bultzatuko duena. Kontseiluko bazkideek egin duten irakurketaren berri eman du lehenik Paul Bilbao idazkari nagusiak. "2009ko urtearen amaieran agintean zegoen Gobernuak zartako berri bat eman zion euskararen normalizazio prozesuari. Haserrea erakusteko eta Nafarroan euskaraz bizi nahi duen gizartea izan badelako indar erakustaldi ikaragarria egin genuen 2010eko maiatzaren 15ean. Milaka herritarrok “euskaraz bizi nahi dut” kartelari harrotasunez eta irmotasunez eutsiz”. Orain, Kontseiluak indar-erakustaldi berri bat egiteko beharra ikusi du. Izan ere, Bilbaok azaldu duenez, kalera ateratzeko hamaika arrazoi dago.