Bakegintza

Nafarroan "bakea eta bizikidetasuna" lortzeko bost printzipio proposatu ditu Elkarrik

Nafarroaren etorkizunari eta bizikidetasunari buruz adostasuna lortzeko bost printzipiotan oinarrituriko kanpaina bati ekingo dio Elkarrik. Bost ardatz horien inguruan Nafarroako gizarteak duen iritzia ezagutu nahi du gizarte mugimendu horrek. Elkarriren ustez, gizartearen gehiengoaren borondateak duen "izaera integratzailek enfrentamendu zibilaren arriskutik babesten gaitu".

2003ko ekainaren 23a
16:15
Entzun
Hamar urte daramatza Elkarrik Nafarroan bakearen eta bizikidetasunaren normalizazioaren alde lanean. 'Berria' egunkariko erredakziora helarazitako prentsa-oharrak dioenez, "enfrentamendu politikoak dauden arren eta indarkeria zein bazterketa egoera larria bada ere, hamar urtetako esperientziak Nafarroako gizartearen geheingoak bost printzipio garrantzitsukin bat egiten duela egiaztatu ahal izan dugu".

Honakoak dira, hitzez hitz, Elkarrik lan-hipotesi gisa proposatzen dituen bost printzipioak:

-Giza eskubideak. Nafarroako gizartearen gehiengoak indarkeriarik ezarekiko konpromiso garbia du, ETAren atentatuak etetea eta pertsona guztientzat giza eskubide guztiak errespetatzea exijitzen du.

-Elkarrizketa. Nafarroako gizartearen gehiengoak konpondu gabeko bizikidetasun arazo politikoak daudela uste du, eta hauei heltzeko modurik demokratikoena eta zibilizatuena bazterketarik gabeko elkarrizketa dela uste du.

-Pluralismoa. Nafarroako gizartearen gehiengoak Nafarroako aniztasun kulturala, linguistikoa, politikoa, soziologikoa eta nazio-nortasunak integratu eta errespetatuko dituen pluralismoa defendatzen du.

-Elkarlana. Nafarroako gizartearen gehiengoak bizilagunen arteko elkarlanaren aldeko apustua egiten du eta Euskal Autonomi Erkidegoarekln harremanak normalizatu eta estutu nahi ditu.

-Berrespen demokratikoa. Nafarroako gizartearen gehiengoak bertako etorkizunean eta bizikidetasunean eragin dezakeen edozein erabaki herritarren gehiengoaren borondatea errespetatuz hartu behar dela uste du.

Lan-hipotesi hauei buruz nafarrek duten iritzia ezagutu nahi du Elkarrik, eta horretarako 140.000 esku-orri banatuko ditu etxez etxe. Horrez gain, Nafarroako alderdi politikoei, elkarteei eta gizarte eragileei ere helaraziko dizkiete. Halaber, www.elkarri.org webgunearen bidez ere eman daiteke iritzia. Inkesta bat ere plazaratu dute, eta biltzen duten informazio guztiarekin, 2004ko Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren bultzatuko duten Bake Konferentziarako erabiliko dituzte bertatik ateratako ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.