MURRIZKETAK

Nafarroan bi mila langile publiko botako dituzte aurten, sindikatuen arabera

LABek jakinarazi du hezkuntzan milatik gora kaleratze egingo dituela gobernuak, lantaldearen %15 inguru. Bilera izan dute gaur hezkuntzako sindikatuek eta gobernuak, eta Hezkuntza Departamentuak adierazi du ez duela atzera egiteko asmorik. Funtzio publikoko mahaia ere bildu da, eta sindikatuei jakinarazi diete 36 ordu gehiago egin beharko dituela langile bakoitzak urtean; kaleratzeak izango dira, beraz. CCOOk ohartarazi du bi mila izango direla guztira.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 17a
18:51
Entzun

Murrizketa oso handiak iragarri dizkie Nafarroako Gobernuak sindikatuei: bi mila langile publiko botako dituzte urtea amaitu baino lehen. CCOOk eman du datua. Hamar langiletik ia bat kanporatuko dute, haren arabera. Informazioa soilik eman die gobernuak sindikatuei: murrizketak nahitaez ezarri behar dituela esan die, ez dagoela negoziatzeko aukerarik. Greba deialdiekin aurrera egingo dutela erantzun dute sindikatuek. Iragarpen bat ere egin dio Nafarroako CCOOk BERRIAri: gobernuak jarrera aldatu ezean, bat egingo du sindikatu abertzaleek deitutako protestekin, eta, hezkuntzan ez ezik, grebara deituko du alor publiko osoan hilaren 31rako.

Bi bilera izan dituzte gaur sindikatuek eta gobernuak. Batetik, hezkuntzako sindikatuak eta departamentua batu dira: Jose Iribas kontseilaria ez da agertu, eta hark bidalitako ordezkariek sindikatuei jakinarazi diete aurrera egingo dutela murrizketekin. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gobernuak hilaren 22ko, 29ko eta 31ko grebetarako: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hirutik batek joan beharko du beharrera; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, lautik batek. Iribas kontseilaria hedabideen aurrera agertu da sindikatuak bilera egiten ari ziren bitartean: lanuzteak eragin gutxi izango duela esan du.

Bilera horren ostean, LAB sindikatuak jakitera eman du hezkuntzan mila postutik gora kenduko dituela Nafarroako Gobernuak datorren ikasturtean. Eskoletara egunotan bidaltzen ari dira datorren ikasturterako lantaldeen berri, eta datu horietatik atera dute zenbakia. Langileen %15 inguru joango dira kalera, LABen esanetan.

Eguerdian beste bilera bat izan dute mahai orokorreko sindikatuek eta gobernuak. Kasu horretan ere ez da agertu Roberto Jimenez Administrazio Publikoetako kontseilaria. Jarrera itxiarekin joan da gobernua hara ere: funtzionarioen lanaldia luzatu egin behar dela adierazi die langileen ordezkariei. Urtean 36 ordu gehiago sartu beharko dituzte. CCOOk aditzera eman du 2.000 langile kanporatuko dituztela alor publikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.