Apirilaren 5ean argitaratu zuen Pirinioetako hartz arrearen inguruko txostena Frantziako Bioaniztasunaren Bulegoak. Horretan 2022. urteari dagozkion datuak argitaratu dituzte, eta, ondorioztatu dutenez, «aurreko urteetan baino gutxiago garatu bada ere, populazioa erritmo onean garatzen jarraitzen du». Besteak beste, Nafarroako Gobernuak emaniko datuak erabili dituzte zenbaketa egiteko. Kalkuluen arabera, Pirinioetan, 76 hartz atera ziren hibernaziotik 2022an, horietako 35 arrak ziren, eta 39, emeak. Ezin izan dute zehaztu beste biak ar edo eme diren. Gutxienez, zortzi kumaldi atzeman zituzten 2022an, eta, horietan, gutxienez 13 hartz kume sortu ziren. Sareak iragarri duenez, aurten, «arreta berezia» jarriko dute Pirinioetako mendebaldean, litekeena baita Claverina eta Sorita hartzak kumeekin ikustea.
Ours Brun (hartz arrea) sareak egin du ikerketa. Euskal Herriko, Okzitaniako, Andorrako, Kataluniako eta Aragoiko (Espainia) datuak erabili dituzte. Hartzak oso uzkurrak dira, gizakiak saihesten dituzte, eta, beraz, zaila da horiek ikustea. Horregatik, besteak beste, haien aztarnetan oinarritu dira zenbaketa egiteko: oinatzak, ileak, gorozkiak. Horrez gain, hartzak ikusi dituztenen lekukotasunak jaso dituzte, eta mendi eta basoetan jarritako kamera automatikoen laguntza izan dute, animalion argazkiak lortzeko, eta horien bidez, ale bakoitza identifikatzeko.
Nafarroan, aztarna bakarra atzeman dute: argazki bat. Claverina hartzari erretratu egin zion kamera automatiko batek iazko maiatzaren 14an. 2019. urtean, Erronkarin (Nafarroa) eta Altzain eta Larrainen (Zuberoa). Esloveniatik ekarrita, Biarnon (Okzitania) sartu zuten hartz emea 2018an.
Kontuan hartu dituzte, era berean, hartzek eginiko erasoak. Atal horretan ikusi dute aziendei 331 eraso egin dietela 2022an (333 aurreko urtean), tartean lau behi helduri. Nafarroan ez dute erasorik atzeman, aurreko azken hiru urteetan ez bezala, ez azienden aurka, ezta erlauntzen kontra ere. Claverinari Izaban bost ardi hiltzea egotzi zioten 2021.
Andorran, behin bakarrik ikusi dute hartza, Ordino herrian, uztailaren 27an. Aragoin, bi gune bereizi dituzte: ekialdean, Douillous hartza identifikatu dute, Benasqueko ibarrean, eta Goiat hartza Gistain haranean. Mendebaldean, Claverina bakarrik atzeman dute, Nafarroako muga aldean.
Katalunian 37 hartzidentifikatu dituzte (2021ean baino sei gehiago).
Gehienak, gazteak
Ondorioztatu dutenez, Pirinioetako hartzen %83 hamar urte baino gazteagoak dira.
2015 urtera arte, askoz eme gehiago zeuden, baina 2016. urteaz geroztik, irauli egin zen proportzioa. Halere, 2019tik aurrera, orekatu egin da ar eta eme proportzioa.
Ondorioztatu dutenez, 2021ean jaiotako 16 kumeetatik gutxienez 11k gainditu zuten bigarren negua.
Hartz bat hilda topatu zuten 2022an, eta beste zazpiren berririk ez zuten atzeman. Halere, ez dituzte galdutzat eman, oraingoz. Haatik, beste bost hiltzat eman dituzte, ez dituztela haien aztarnarik aurkitu bi urtez.