euskara

Nafarroan ETB ikustearen alde adierazpen instituzional bat adostu dute aldaketa bultzatzen duten alderdiek

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Nafarroako Gobernuari eskatu diote berma dezala ETB ikusteko aukera.

Nafarroan ETB ikusi dadin eskatuz bilkura bat Iruñean, orain bi urte. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
jon ordonez garmendia
2016ko apirilaren 22a
12:12
Entzun

Iaz Nafarroan aldaketa ahalbidetu zuten lau alderdiek berriro egingo dute bat datorren astean, UPNk eta Espainiako Gobernuak Nafarroan ETB ikustearen kontra eman duten azken pausoaren kontra. Aste honetan Madrilek Nafarroako Gobernuari agindu dio eteteko ETBren emisioak Nafarroan. Jatorrian Yolanda Barcinaren gobernuak 2015eko martxoan (hauteskundeak baino bi hilabete lehenago) aurkeztu zuen salaketa bat dago, Uxue Barkosen gobernuari jakinarazi ez zion salaketa. Nafarrek ETB ikusi ahal izan dezaten, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak adierazpen instituzional bat adostu dute eta datorren astelehenean aurkeztuko diote Nafarroako Parlamentuko Mahaiari eta Bozeramaileen Batzordeari, eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Gehiengo dute lau alderdi horiek legebiltzarrean.

Adierazpenean lau alderdiek Nafarroako Gobernuari eskatzen diote egin beharrekoak egiteko Nafarroako herritarrek "ETBren kateak hartzeko duten eskubidea bermatzeko". Hori oztopatu nahi duten neurrien kontra ekiteko ere eskatzen diote. Adierazpenaren azalpenean salatzen dute ETBren emisioak eteteak milaka nafar kaltetuko lituzkeela, eta adierazpenarekin nahi dute Nafarroako Parlamentuak herritar guztien informaziorako eskubidea aitortzea. Espainiako Gobernuari eskatzen diote aitortzeko eskubide horrek duen lehentasuna, eta ez hartzeko inolako murrizketarik ekar dezakeen behin behineko neurririk, "ez behintzat aurreko Nafarroako Gobernuak aurkeztu zuen salaketa erabaki arte". Aldaketaren alderdiek nahi dute Parlamentuak eskatzea erakunde eta alderdi guztiei "leialtasun berberarekin jokatzeko", interes alderdikoien gainetik.

Nafarroako Parlamentuak jada 2013ko abenduaren 12an eskatu zien erakunde publikoei beste adierazpen instituzional batean ahalbidetzeko ETBren emisioak. Barcinaren gobernuak iaz eskaera horren gainetik aurkeztu zuen salaketa, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak adostu duten adierazpenean nabarmendu dute gobernu aldaketa egin zenean UPNk ez ziola horren berri eman gobernu berriari, ezta gero ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.