Koronabirusa

Nafarroan, gero eta okerrago

Azken 24 orduetan, 546 positibo atzeman dituzte, egindako PCRen %17,6. Gaur sartuko dira indarrean gobernuaren neurriak. Gipuzkoan eta Bizkaian behera egin dute kasuek

joxerra senar
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Pandemia hasi zenez geroztiko daturik txarrenak ditugu». Atzo goizean, datuak ofizialki argitaratu aurretik, ohartarazpen hori egin zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Egoera gero eta kezkagarriagoa da, okertzen ari baita. Martxoaz geroztik, atzo pilatu zen kasu gehien, eta gainerako lurraldeekin alderatuta ere, aldea handia da. Atzo jakinarazitako datuen arabera, 546 positibo atzeman zituzten Nafarroan: egindako PCR proben %17,6k eman dute positibo, adituek aholkatutako %5eko gehienekotik urrun. Txibitek espero du lurralde osoan gaur indarrean sartuko diren neurriek egoera hobetzea, baina okertuz gero, gertu dago «behar dena» egiteko.

Nafarroako positibo ugariak aintzat harturik, Hego Euskal Herrian orotara 910 kasu atzeman zituzten atzo. Gipuzkoan eta Bizkaian, kasuek nabarmen behera egin zuten. Gipuzkoan, 154 kasu atzeman zituzten, larunbatean baino 104 gutxiago; Bizkaian, 140, herenegun baino 104 gutxiago. Dena den, beheranzko joera horrek zerikusia izan dezake PCR kopuruarekin, igandean proba gutxiago egin baitzituen Osakidetzak: 6.872 PCR, larunbatean baino 3.050 gutxiago. Izan ere, igandeetan beti egin ohi dituzte proba gutxiago, lehen arretako osasun zerbitzuak itxita egoten direlako, besteak beste. Osakidetzaren PCRen %5,2 positiboak izan ziren.

Bigarren olatua hasi zenetik, lurraldeen arteko arreta gunea aldatuz joan da, baina, azken asteetan, kezka iturri nagusia Nafarroa da. Nahiz eta irailaren 22tik Erriberako hainbat herritan neurri murriztaileak hartu, joan den astean goranzko joera argia hartu zuen. Urriaren 7tik larunbatera, 400 kasutik gora atzeman zituzten, baina igandean koronabirusaren hedatzeak jauzi kualitatibo bat egin zuen, 546 kasura helduta. Txibitek berak, hasieran, aurreratu zuen «600dik gora» izango zirela. Iruñerrikoak dira igandean atzemandako positiboen %56, Tuterakoak eta Erriberakoak %20, eta Lizarra ingurunkoak %6.

Kutsatuen kopurua handitzea apurka ari da eragiten Osasunbideko eta Osakidetzako ospitale sarean. Igandean, berrogei lagun ospitaleratu zituzten. Jaurlaritzak atzo ez zuen jakinarazi zenbat herritar dauden uneotan COVID-19aren ondorioz gaixorik ospitaleetan; soilik azaldu zuen 47 lagun daudela ZIU zainketa intentsiboko unitateetan. Nafarroan, gaur-gaurkoz, 281 daude ospitaleratuta: horietatik 34 larrialdi zerbitzuetan daude, eta 50 laguni etxetik ari zaizkie jarraipen eguneratua eta zorrotza egiten.

Ospitaleetako datuei begiratuta, oraintxe apirilaren 27aren pareko egoeran legoke Nafarroako osasun sarea —egun hartan, 286 lagun zeuden osasun zaintzapean; horietatik 46 ZIUan, eta 57 etxeko jarraipenean—. Konfinamendua leuntzen hasi zeneko egunen antzeko egoeran egonagatik ere, orain joera alderantzizkoa da, eta azken egunetako bilakaerak iradokitzen du balitekeela tentsioa handitzea osasun sisteman.

Neurri «gogorrak»

Atzeranzko urrats horien erritmoa geldotu nahirik, igandean neurri murriztaileak hartu zituen Nafarroako Gobernuak, eta gaur sartuko dira indarrean. Atzo, SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean, Txibitek baztertu egin zuen Nafarroa ixtea. Halaber, ukatu egin zuen Espainiako Osasun Ministerioak halako proposamenik egin diola, eta, alderantziz, azaldu zuen neurriak Nafarroako Gobernuak proposatu dituela. «Espero dugu eraginkorrak izatea». Txibiteren ustez, neurri gogorrak dira, «beste erkidegoetan hartutakoak baino gogorragoak».

Txibiteren arabera, hainbat tokitan ezarritako murrizketak baliagarriak izan dira herri horietako egoera leuntzeko, eta espero du orain gauza bera gertatzea herrialde osoan. Dena den, neurriok betetzera deitu ditu nafarrak: «Guk bakarrik ezin dugu egin hau». Halaber, ez du baztertu neurri gogorragoak hartu behar izatea: «Irmo jokatuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.