Nafarroan ikasleak sexuka bereizten dituzten eskolek laguntza mantenduko dute

LHko lehen mailako haurrak nahastuta daude, eta Gimenok esan du bost urte barru «bereizketarik gabeko hezkuntza» izango dutela denek

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntzako kontseilaria, atzo, Iruñean. I.URIZ/ FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeei neurriak hartzeko epea luzatuko die Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen ere, zentro horiekiko hitzarmenak abuztuaren 31ra arte luzatuko dituztela iragarri zuen Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, atzo, Iruñean egindako agerraldian. Izan ere, haren arabera, bereizketa ezabatzeko helburua «mailaka» lortuko dute. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan neskak eta mutilak elkarrekin ikasten hasi dira aurten, baina bigarren mailatik seigarrenera arte sexuaren arabera bereizita daude oraindik; beraz, maila horietan bestelako hitzarmena egingo dute. Hau da, nahiz eta abuztuaren 31rako neurriak ez bete, datorren urtean hirugarren eta seigarren maila bitarteko eskolei diru laguntza bermatuko zaie; eta horrela urtez urte. Beraz, Gimenok iragarri zuen 2026-2027ko ikasturterako «sexu bereizketarik gabeko hezkuntza» izango dutela.

LOMLOE hezkuntza legearen arabera, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolek ezin dute diru publikorik jaso. Nafarroan lau zentrok ematen dute sexu segregazio bidezko hezkuntza: Miravalles-El Redinek Iruñean eta Zizur Txikian, eta Irabia-Izagak Iruñean eta Cordovillan. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan haurrak eredu mistoan daude, baina gainerako mailetan banatuta jarraitzen dute. Sexu bereizketarik ez duten mailetan, ituna LOMLOEren arabera ezarriko da, baina gainerakoetan bestelako hitzarmen bat egingo dute. Kontseilariak iragarri duenez: «LOMLOEk ezartzen du amaiera progresiboki egin behar dela».

Legea iazko abenduan onartu zuten arren, «kolpe batez»hitzarmenak mozteak kalte egin diezaieke ikasleei, Gimenoren ustez: «400 bizikidetza unitate kaltetuak izango dira, ikastetxez aldatu beharko dutelako, eta ikasleek desoreka emozionala eta moldatzeko arazoak izan ditzakete, besteak beste». Horrez gain, gehitu zuen diru laguntzarik jaso ezean, eta familiek ikastetxez aldatzeko nahia adieraziko balute, hezkuntza sistemak beste zentroetan ikasleak hartzeko duen «gaitasuna» aztertu behar dutela, baita horrek ikasleei eragin diezazkieketen «kalteak» ere.

Irailerako gobernuak bazekien zentroek ez zituztela neurriak beteko, eta aferan esku hartuko zutela esan zuen Gimenok: «Argi dago ez dutela sinatutakoa bete, eta gure ardura da ikastetxeei exijitzea legea betetzeko». Beraz, ez dute eskatutakoa bete, baina, halere, ez diete ituna kenduko.

Hortaz, ikasturte honetan neurririk hartu ezean, bost urte igaro daitezke Nafarroako lau eskola horietan Lehen Hezkuntza mistoa izan arte. DBHkoei dagokienez, Gimenok esan du hurrengo urteko apirilean erabakiko dutela zer egin hitzarmenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.