Droga mendekotasuna saihesteko II. Foru Plana onartu du Nafarroako Gobernuak. Plan horrekin, gaztetxoen droga kontsumo goiztiarraren aurka egin nahi du; hori da helburu nagusia. Horrez gain, beste xede batzuk ere lortu nahi ditu: gerora arazoak ekartzen dituzten drogen erabilera murriztea eta kontsumoak eragiten dituen ondorio negatiboak saihestea nahi du, besteak beste. Aurten jarriko dute indarrean plana, eta 2016. urtera arte iraungo du; hiru milioi eurokoa izango da aurtengo sasoirako aurrekontua.
Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari Cristina Ibarrolak eta Osasun Publikoko Institutuko zuzendari Marisol Arangurenek aurkeztu zuten plana, atzo, prentsaurreko batean. Ibarrolaren hitzetan, «bost eremu nagusi» landuko ditu planak, helburuak lortzeko: gobernantza, aurreikuspena, arreta, formazioa eta informazioa eskaintzeko sistemak.
Gobernantza lantzeko, elkarlana izango da gakoa; erakunde eta eragileen arteko elkarlan sare bat sustatuko du planak, drogen kontsumoari era «planifikatu eta parte hartzaile» batean oinarrituta aurre egiteko. Elkarlan sare horrekin drogak kontsumitzen dituzten pertsonei kasu egiten dieten erakunde eta zerbitzuen «aurreikuspen gaitasuna» indartu nahi du planak.
Horretarako, planak beste ikuspegi batetik antolatuko ditu prebentzio ekintzak. Horrela, proiektu bat lantzen ari da droga mendekotasunaren plana; ekintza sorta bat bideratuko dute drogak hartzen hasiak diren pertsonentzat eta, ezaugarri konkretu batzuk direla medio, drogekiko ahultasuna erakusten dutenentzat. Horrez gain, planaren dokumentuak giza talde guztientzako aurreikuspen ekintzak jasotzen ditu; drogekiko ahultasunak erakusten dituztenentzat edo jada drogak kontsumitzen dituztenentzat, berriz, jarraitu beharreko irizpideak finkatzeaz gain, eurekin jarraitu beharreko estrategia kopurua areagotu egingo du.
Jarraibide horiek era egoki batean aplikatzeko, hainbat giza talderekin lan egiten duten erakunde eta zerbitzuetako langileen formazioa indartuko du planak; 105.000 euro emango dizkio Drogei Buruzko Nazio Planak, langileen formazioan inbertitzeko.
Eskolako jaietan, alkoholik ez
«Alkohola da osasun eta gizarte arloan ondorio negatibo gehien eragiten duen sustantzia». Eusko Jaurlaritzako Droga Mendekotasun zuzendari Celina Peredaren hitzak dira. Jaurlaritza prestatzen ari den Adikzioen Legean alkoholaren aurkako neurriak hartuko dituztela iragarri du Peredak; adingabeen alkohol kontsumoa «murriztea» da Jaurlaritzaren xede nagusia. Hori lortze aldera, Ibilaldiaren eta Kilometroen gisako eskola giroko ekitaldietatik alkohola kentzeko aukera «aztertzen eta eztabaidatzen» ari dela zehaztu du Peredak. Haren esanetan, horrelako ekitaldietan alkoholaren presentziak «ez du logika handirik»; ekitaldi horietan «adingabe asko» elkartzen direla adierazi du.
Peredak nabarmendu du adingabeek alkoholaren eta kalamuaren gisako sustantziak ez kontsumitzea «oso garrantzitsua» dela; hori lortzeko, Adikzioen Legean «oihartzun soziala» eragingo duten neurriak txertatuko dituztela esan du. Neurri zehatzik ez du aurreratu, ordea: esan du ezarri beharreko neurriak aztertzen ari dela Jaurlaritza.
Alkohola ez bezala, beste sustantzia batzuk «gain beheran» daudela zehaztu du Peredak. Test batzuk egin dituzte, hainbat sustantzia aztertzeko; heroina, haxixa, kalamua, speeda, kokaina eta extasia erabili dituzte. Horietatik, heroina kontsumitzen da gutxien egun: «Haxixa, kalamua, speeda, kokaina eta extasia proportzio ez oso handian kontsumitzen direla ikusi dugu; kokaina, berriz, ez da agertu ere egin». Peredaren ustez, gizarteak «lezioa ikasia» dauka heroinaren inguruan; esan du gizartearen kontzientziazioak eragin duela «gainbehera» heroinaren kontsumoan.
Nafarroan plan bat egin dute gazteen droga kontsumo goiztiarraren aurka
Adikzioen Legea prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza; adingabeen alkohol kontsumoa «murriztea» du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu