PODEMOS

Nagua Alba: "Batasunaren momentua da"

Ahal Dugu-ren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak nabarmendu du alderdiak "kalean eta erakundeetan" egon behar duela aurrerantzean: "Oreka mantendu behar dugu".

Alba eta Errejon, urtarrilean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2017ko otsailaren 13a
15:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Pablo Iglesias nagusitu da Podemosen bigarren batzarrean, eta, biharamunean, Nagua Alba Ahal Dugu-ren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusia elkarrizketatu du Euskadi Irratiak. Albak azpimarratu du parte hartzea "izugarria" izan dela eta alderdia "demokrazia adibide" izan dela.

Albaren hitzetan, Podemos "lanean" ari zen orain arte, eta horrela jarraituko du: "Ez dugu geure buruari buruz berriro hitz egin behar, lanean jarri behar dugu erakundeetan eta zirkuluetan". Esan du alderdian "eztabaida" zegoela erakundeetan izan beharreko posizioaren inguruan: "Orain argi dugu".

Iñigo Errejon Podemoseko idazkari politikoak beste proposamen bat aurkeztu zuen batzarrean, eta Iglesiasen proposamenen aurrean galdu. Albaren iritziz, Errejon "behar-beharrezkoa" da alderdian: "Idazkari politiko gisa oso lan ona egin du. Baina zuzendaritza berriak hartu beharreko erabakia da". Albak Errejon babestu zuen, eta, galdetuta ea Errejonen porrotak Alba bera ahulduta uzten duen, erantzun du ezetz: "Antolaketa berriarekin orain autonomia gehiago izango dut". Hala ere, aitortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritza moldatu beharko dutela.

Laura Perez Nafarroako idazkari nagusiak, berriz, antikapitalisten alde egin zuen batzarrean. Hura igarota, uste du batasuna "egunero" eraiki behar dutela, eta nabarmendu du Errejonek eta Miguel Urbanek —joera antikapitalistaren buruak— lekua izan behar dutela alderdiaren zeregin nagusietan.

Zortzi euskal herritar daude Podemosen zuzendaritza berrian: Nagua Alba eta Laura Perez EAEko eta Nafarroako idazkari nagusiez gain, Idoia Villanueva, Ione Belarra, Guillen Carrera, David Soto, Pilar Garrido eta Aitzole Araneta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.