Senegalera itzultzen banaiz, nire bizia arriskuan egonen da. Nahiago dut preso egon, Senegalera itzultzea baino». M. H. L. gaztearen hitzak gordinak dira. 2002an Senegaldik ihes egin behar izan zuen, homosexuala zela jakinarazi zuelarik pairatu zituen mehatxuek eta zafraldiek beldurturik. «Aitak erran zidan ez ninduela semetzat hartzen. Familiak baztertu ninduen, eta lagunek nitaz irri egiten zuten. Herrian erasotzen ninduten, behin eta berriz jo eta mehatxatuz». Bizia arriskuan sentitu zuen, eta homosexualitatea normaltasunez onar zezakeen herri batera ihes egitea deliberatu zuen, Italiara. Senegalen turismoa egiten ari ziren europar batzuek lagundu zioten. 18 urte zituen orduan.
Senegalen ezagututako turistak lagun bilakatu, eta babesa eman zioten. Baina turista gisara bidaiatzeko baimena iraungi zelarik, Italian egoteko eskubidea galdu zuen. Legez ezin zuen lanik egin. Han-hemenka administrazioari aitortu gabeko lanak egiten zituen bizi ahal izateko. Bost urtez bizi izan zen horrela. Istripu bat ukan zuen, eta geroztik ezin du lan fisikorik egin. Hornoak gaizki ditu, eta ebakuntza egin behar ziotela erran zioten sendagileek. Legez kanpo egonik, ordea, ezin diote egin, erietxe pribatua ordaintzeko dirurik ukan ezean. Italiako lagunak Frantziako babes elkarteekin jarri ziren harremanetan, eta horiek Ipar Euskal Herrikoekin. Baionara jin zen bizitzera, agirien arazoa konpondu ahal izateko.
Duela bi hilabete lan txiki bat lortu zuen, deklaratu gabekoa. Miarritzeko aireportutik (Lapurdi) hurbil zen lana. Autobusa hartzera zihoalarik, Poliziak gelditu zuen, eta nortasun agiria eskatu zioten. Etxean ahantzi zuela erantzun zien. Lehen unean, etxera joaten utzi zioten. Handik bi minutura autobusa gelditu zuten, eta gaztea jaitsiarazi zuten. Galdeketaren ondorioz, aitortu zien ez zuela agiririk. Hendaiako atxikitze zentrora (Lapurdi) eraman zuten. Cimade elkarteko kideek laguntza eman zioten; Baionako auzitegian epaitu zutelarik, epaileak aintzat hartu zuen Senegalen pairatzen zuen arriskua. Ez kanporatzea deliberatu zuen epaileak, baina administrazio mailan, Frantzia uzteko eskaria egin zion. «Paradoxa bada ere, epaileak erabaki du ez kanporatzea, baina, aldi berean, administrazioak kanpora joateko eskatzen dio», azaldu du Cimade laguntza ematen dion elkarteko kide batek.
Osasun mailako urrats administratiboak egin ditu Cimaderen laguntzaz, eta Frantziako hiri handi batean ebakuntza egiteko aukera aztertu dute. Hara sartzeko, ordea, nortasun agiriak behar ditu, Poliziak ez dezan atxilotu eta Senegalera igorri. Hori saihesteko, Ardhis elkarteak laguntza emanen dio. «Administrazioak ez du ulertu nahi ni Senegalera itzultzen banaiz nire bizia arriskuan egonen dela, joko nautela, baztertu», dio gazteak.
Jendarmearen beldurra sarturik du golkoan. Karrikara ateratzen denean Frantzia uzteko agindua urratzeagatik preso sar dezakete, eta horren beldur bada ere, sorterrira itzultzea baino nahiago du. «Senegaldar homosexuala izateagatik eta jipoietatik ihes egiteagatik preso sartu behar banau Frantziak, sar nazatela, baina nahiago dut hori Senegalera itzultzea baino; han heriotza daukat zain», dio gordinki gazteak.
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna
«Nahiago dut preso egon, Senegalera itzuli baino»
Homosexuala delako Senegaldik ihes egin behar zuen M. H. L. gazteak. Berriki epaitu dute, Baionan, eta kanporatzeko agindu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu